Joxean Agirre - Askatasuneko kidea
Hitza eta erabakia, askatasunez betetzera!
Urtarrilaren 6an Donostiako Belodromoan hitzordu garrantzitsua dugu. Bada- kit askotan errepikatu egiten direla honako deialdiak. Euskal Herrian egiten diren gauza gehiegik hartzen dute titular gisako tamaina, eta gero aurreikuspenak zapuzten dira sarri. Esan beharrik ere ez duten egiak esateko edo, bestalde, guztiz begi-bistakoa dena, gezur galantak lau haizetara zabaltzeko konbokatzen ohi da Herri honetan jendartea, masa moldea baliatu nahirik.«Hitzak ederrak eta bihotza faltso», zioen Xenpelarrek bertso ezagunean. Aski ezagunak dira jarrera horiek gure artean, eta jokabide horren muinean dago, gaur ere, korapiloak ez askatzeko zergatien gakoa. Dena delarik ere, bihotza ezkerrean dugula esateko dugun ziurtasun berberarekin ziurta diezazueket urtarrilaren 6an iruzurrik ez dela egongo, ez zaiola poto egingo euskal herritarren nahiari. “Hitza eta erabakia, askatasunez”lelopean, ariketa xume bat proposatzen digute ekitaldiaren sustazaileek, Amnistiaren aldeko Mugimendua eta errepresaliatuen eremua ordezkatzen duten antolatzaileek: egin dezagun bi jauzi atzerantz, gatazkaren arrazoiak, borrokaren sorburua aztertzeko, eta bere ondorioen ehundura artatzeko. Eta egin dezagun beste bat aurrerantz, eskarmentutik aurrera gure etorkizunaren zer-nolakoak baloratzeko. Jar diezaiogun proposamen jakin bat marko demokratikoa lortzeko bidean eskuratu beharreko baldintza demokratikoen bermari. Ubide bat ur-jauziaren oinean, eta Euskal Herria konbentzituko dugu amnistia lortzea guztion askatasunerako inbertsio politikorik seguruena dela. Niretzako nago arrazoi ugari dugula horretan sinisteko. Baina baita besteak konbentzimendu horretara ekartzeko ere. Izan ere, prozesuaren gaztari arra egin arteko erritmoa eta norabidea ezarri diotenen aldetik, jendea konbentzitzeak ez du garrantzirik. Tokian tokiko hizkuntza edo unean uneko amarrua erabiliz, hitza, erabakia eta askatasuna hitzak ez dituzte sekula batera konjugatzen. Ahokorapilatzen zaie, bai esanahia bai elkarlotura. Hartara, ez die ajolik jendartearen iritzia, ez bada lau urtean behin hauteskundeetarako prestatzen duten antzezpen parte hartzailearen kariaz. Orduan bai, barra-barra hitza eta ditxa. Baina egunerokoan, ipurdiak aldare egiten dute lo jendeak eta haiek. Belodromoan topaleku aparta dugu, zinez. Hiru hitz horien arteko lotura politikoa azalaratzeko ahaleginarekin batera, une zailetan euskal jendartearen bihotza eta zentzumena sobera uztarturik daudela frogatu nahi dugu. Euskal Herriari behin eta berriro xantaia egiten diotenei, gure erantzukizun politikoa zertan datzan erakusteko aukera ezin hobea dugu. Gauza jakina da ongiak arrabots gutxi izaten duela, baina bere ordaina sekulakoa da, eta une politiko honetan askabiderako proposamenak eta ideiak aktibatzeko tenorean gaude, zakurrak atean zaunka eduki arren. Gure barne konbentzimendutik, herri osoaren konbentzimendura. Hitzen ibilerak askatasuna eduki behar baitu, derrigorrean, azken portu. Eta horretantxe dago Amnistiaren aldeko Mugimendua. Horretan buru-belarri errepresaliatuak eta beren senide eta lagunak. 2006. urtearen hondarrean gaudela, 2007ko abiapuntuak indartsua behar du izan. Indarra eta kemena dira egoera desblokeatzeko dugun aktiborik eraginkorrenak. Protagonista nagusiak Belodromoko harmailetan egongo zarete arratsalde batez, eta gainerako denbora zuen herri eta auzoetan. Bertatik barreiatu beharko dituzue larunbatean entzungo diren testigantzak eta proposamenak, beraz, sarrera libre izanik, irteerako baldintza bat jarri nahi dugu: konpromisoa. Gure askatasunaren ateak mendeetan itxi dituztenen borondatea ez baita moldatuko, besterik gabe, gure nahiari, eta atetzar hori guztion artean bultzatu beharko dugu, nahiz eta giltza gure esku egon. Nahiz eta aukera berrien garaian gauden. Gure hitza errespetarazteko eta gure erabakimena gauzatzeko, premiazkoa da baldintza demokratikoak galdatzea. Exijentzia horretan atzerapauso bakar bat ere ez ematea. Bestela, askatasuna, beste behin ere, kimera hutsa izango da. Sator-tratuetan iaio diren eta hatsa ere gezurra dutenen jokuzelaia, alegia. Urdina da aldatzera doan haize zaharra, aldahaizearen etorrera iragartzen duena, nolabait. Gorria da, bestalde, elur gainekoa. Negu parteko haizea. Hitza eta erabakia, askatasunez idazteko erabili diren koloreen usadioan bista jarrita, etor zaitezte haize zaharra uxatu eta berriaren gorritasuna dastatzera. -
|