- Athletic
Futbolari sentitzeko nahiarekin doa Solabarrieta
·Atletico Madril B taldearekin jokatuko du hurrengo bi urteotan
Titular a tres líneas líneas líneas líneas
BILBO
Aritz Solabarrietak ia bere bizitza osoa bete duen etapa itxi zuen atzo, Lezaman prentsaurrekoa emanda.Hemendik aurrera, gutxienez hurrengo bi urteotan, Atletico Madril Bren koloreak defendatuko ditu; izan ere, Madrilgo taldeak aspaldian dastatu ezin izan dituen sentsazioak berreskuratzeko eman dion aukera onartu du. Horixe da, hain zuzen ere, jokalari ondarroarraren helburua, berriro ere «futbolari sentitzea». Honako hau adierazi zuen: «Nire balioa, gaur egun, neure buruari bakarrik demostratu behar diot, aspaldian ez baitut egin. Iazko esperientzia Eibarren eta aurtengoa hemen ez dira onak izan, eta berriro ere futbolari sentitzeko gogoak ditut». Azken hilabeteak Eibartik itzuli ondoren, fitxa barik geratu zen Athleticen, argi dago, ez dira batere errazak izan erdilariarentzat, baina gauzak diren bezala hartu behar direla onartzen du. «Gaizki pasatu nuen memento batean, baina kexatzea zentzugabea zela konturatu nintzen, horrela ez bainuen ezer lortuko. Zer dagoen jakin behar da, eta aurrera egin ahal den moduan». Hori guztia kontuan hartuta, Solabarrietak ez du atzerapausotzat hartzen Lehen Mailako talde batetik Bigarren Bko batera alde egitea. «Jokalariak Lehen Mailakoa dela demostratu behar du», onartu zuen, eta maila horretan dozena bat partida besterik ez duela jokatu esan zuen. «Beste gauza bat da nik kualifikatuta nagoela uste izatea edo maila horretara irits naitekeela sinistea», esan zuen. Jokalariak, bestetik, Atleticori baiezkoa eman baino lehen Manerekin hitz egin zuela azaldu zuen. «Aukera ona iruditzen zitzaiola esan zidan eta, alde horretatik, eskerrak eman behar dizkiot. Gauza hauek nolakoak izaten diren daki, eta pozik nago babesa eman didalako», esan zuen. Eskerrak eman nahi izan zizkion Athletici ere, «pertsona eta jokalari» bezala hazteko aukera emateagatik. Bertara itzultzeko aukerari dagokionez, Solabarrietaren helburua, egun, Atleticora joatea da, lehenbailehen bizitza eta talde berrietara moldatzea eta, batez ere, futbolera jokatzea.
Azken saioa
Athleticek, bestetik, urteko azken entrenamendua egingo du gaur (11.00). Hurrengoa astearte arratsaldean izango da.
|