- ACB Liga -
Lagun Arok Kopara bidean jarri nahi du Gironan
·Milan Majstorovic berriro jokatzeko moduan da, baina Javi Salgado gabe aritu beharko dute bilbotarrek
BILBO
Malagan jokatuko den Kopa leihaketan sartzea oso zail dauka Lagun Aro Bilbao Basketek, nahiz eta oraindik ere aukeraren bat edo beste baduen. Horiek hala, gaur gaueko bederatzietan, Gironako Akasvayu taldearen aurka xahutu beharko ditu Bizkaiko taldeak Kopan muturra sartzeko dituen aukera apurrak.Dena den, ez da batere lan erraza Txus Vidorretarenek egiteko dutena. Svetislav Pesic entrenatzailearen eskutik, Akasvayu Girona ACB Ligako hirugarren lekuan dago. Bere etxean, Fontajau kiroldegian, inork ere ez dio irabazi esaterako, Real Madril liderra menderatu zuten joan den larunbatean, eta joko oso ona egiten ari da. Alabaina, mesfidati azaltzen dira kataluniarrak. Bilbao Basketeko jokalari ohi German Gabrielek egunotan honakoa esan du: «Bilbotarrena talde arriskutsua da benetan. Horren isla da ligako eremu lasaian dagoela uneotan, beheko postuetatik urrun. Beraz, nahiz eta Javi Salgadoren falta sumatuko duten, gainditzeko talde zaila izango da, kanpoko lerroagatik batik bat».
Majstorovic-en itzulera
Bilbao Basketek aste honetan albiste oso txar bat jaso du, Javi Salgadoren hutsunea, alegia; izan ere, apendizitisak hiru asterako jokatu ezinik lagako du. Horrezaz gain, Asier Zengotitabengoa harrobiko jokalaria ere ez dago Gironan, Bilbon geratu delako zaintiratu bat dela-eta. Hala ere, bilbotarren eritegiak maizter bat galdu du aste honetan, Milan Majstorovic hegal-pibotak belaunean izan zuen zaintiratua atzean utzi baitu eta jokatzeko moduan izango baita. Bestetik, Pedja Savovic hegalekoa ere jokatzeko moduan dago, baina ez da sasoian izango Gironan belauna kolpatu baitzuen.Horren harira, Txus Vidorreta bizkaitarren entrenatzaileak ez du inolako aitzakiarik jarri nahi izan partida bezperan. «Javi gurekin ez izatea hutsune nabarmena izango da, bai, baina okerrago pasako du Javik guk baino, ilusio handiz prestatu baitu larunbateko partida», esan zuen atzo Indautxukoak. Salgado gabe, Koljevic-en eta Azofraren esku egongo da taldeko jokoa antolatzea. Galdera horri erantzuteko, jokalariek duten guztia eman beharko dutela adierazi zuen Vidorretak. «Oso zentratuta jokatu beharko dugu Akasvayu oztopatzeko; ez dezatela korrika egin». Kataluniarren jokoa nola oztopatu galdetu ostean, honakoa erantzun zuen bizkaitarrak: «Beren jokoa sortzeko egoerak izan ez daitezen, gogor defendatu behar dugu. Kontuz ibili behar dugu Fuckak eta Gabrielek sortzen dituzten espazioak zaintzeko. Gainera, Marinovic-en eta McDonalden saskiratzeko gaitasunari eutsi behar diogu eta, azkenik, San Emeterio, Sada eta Marc Gasolen grina ere kontuan hartzekoa da».
Bi jokalari gehiago
Beste kontu batek ere izan zuen prentsaurrekoan garrantzia, taldeko presidente Xabier Jon Davalillok eginiko adierazpenen gainekoak. Bilboko taldeak anbizio handiagoa erakutsi behar duelako iritzia plazaratu du Davalillok asteon. Vidorretak beste era batera ikusi zituen gauzak. «Anbizioduna izan nahi badugu denok, ekar ditzatela kalitatezko pare bat errefortzu. Orduan bai egingo dugu irabaz- teko borroka», esan zuen, nahiko haserre, Indautxukoak. «Taldeek beren jomuga galtzen dute mezu ezberdinekin. Mantentzeaz gaindiko mezurik eman nahi badugu, jar ditzagun kartak ahoz gora. Hona nireak: ekarri beste bi jokalari». UNICEFen eta Bilbao Basket Fundazioaren
hitzarmena
Bilbao Basket Fundazioak eta UNICEFek hitzarmena sinatu zuten atzo Afrikako haurren alde dirua bildu eta UNICEFen lanaren berri emateko. Lehenengo ekintza urtarrilaren 6an egingo dute, Bilbao Basketen eta Tauren arteko partidan alegia, eta bertan, 30 bat boluntariok diru bilketa bat egingo dute. -
|