«Night city breakers» du izena The Killministers taldearen lehen lanak
The Killministers laukoteak 70eko hamarkadan sortu zituzten hamond teklatuen soinuak erabiltzeak The Animals taldearen estiloa gogora ekartzen du. Bakioko musikariek hard rock eta rock-and-roll estiloak uztartzen dituzte lehenbiziko lanean. Baga-Biga diskoetxeak kaleraturiko «Nigth city breakers» izeneko CDan hamaika abesti bildu dituzte, eta horietako bat The Animals-en bertsio bat da. Urtarrilaren 10ean emango dute aurkezpen kontzertua Bakion.
BAKIO
Sei urte daramatzate Bakioko lagun horiek musika egiten, eta hauxe lehenbiziko diskoa duten arren, tarte honetan bi maketa kaleratu dituzte. «Izatez, lagun batzuek lokal batean musika egiten genuen esan du Etor Duandikoetxea abeslariak. Lehen maketa lagun baten lokalean egin genuen, baina bigarren maketari esker hasi ginen batez ere kontzertuetan eta lehiaketetan mugitzen». Hastapeneko bost abesti horiek erantzun ona izan zutenez, Etorrek dio animatu egin zirela eta Euskadi Gazteko maketa lehiaketan eta Villa de Bilbaon ere aurkeztu zirela. Urteek eskarmentua eman diete, eta oraingoan lehenbiziko CDa dakarte. Aukera Baga-Biga diskoetxeak eman die, eta kalean da “Night city breakers” izeneko lana. «60ko eta 70eko hamarkadetako estiloak gustuko ditugula egia da azaldu du abeslariak. Hard-rock eta rock-and-roll soinuak egiten ditugu. Baina teklatuak eta, batez ere, hamond teklatuak erabiltzen ditugulako agian gure musika The Animals-ekoarekin edo garajeko soinuekin alderatu izan dute. Baina ez da inolaz ere revival deritzona».
«It’s my life»
Guztira hamaika kanta biltzen ditu , eta “The Warriors” filmetik hartzen du izena diskoak. Horietatik bi maketa zaharretatik berreskuratutakoak dira, eta bat (“It´s my life”) The Animals taldekoen abestiaren bertsioa da. Etorrek honakoa adierazi du: «Hizkuntza bakoi- tzarekin bere soinuak datozelako abesten dugu ingelesez. Gainera, taldekideok ingelesez eginiko musika entzuten dugu batez ere». «Hitzei dagokienez, ez da gauza berririk; betikoa: laguntasuna, amodioa...», adierazi du barrezka Etorrek. «Probokatzaileak direnak ere badira», nabarmendu du. Gitarra- ren soinu garbiak eta ahots garratzak pisu handia daukate kantetan.Bakioko laukoteak aurkezpen kontzertua herrian emango du datorren urtarrilaren 10ean. Otsailaren lehen hamabostaldian, berriz, Gernikan eta Gorlizen arituko da “Nigth city breakers” lana ezagutarazten.
|