LEXANTZÜ
Atharratze kantonamenduko herriak zeharkatzen dituen elektrizitate linea nagusia berritzeko eskaera egina dute bertako auzapezek. Santagraziko, Larraineko eta Ligiko zentral elektrikoetako argindarra hartu eta Mugerre arte bideratzen duen linea horrek 63.000 volt elektrizitate pasatzeko ahalmena du.Halere, 1977. urtean eraiki zutenetik, linea berritu gabe egon da. Eta, egoera ikusita, Atharratze kantonamenduko herriek berritze proiektu bat finkatu behar dela erabaki zuten.
«Linea handiak RTE enpresak berritzen ditu. Zuberoatik Mugerre arte doan linea hori lekuko garrantzitsuena da», argitu zuen Jean-Pierre Libilbeheti Lexantzü-Zunharre herriko auzapezak.
Hori dela-eta, RTE (Reseau Transport Electrique) izeneko Tolosako enpresa auzapezekin hiru aldiz bildu zen, eta abenduaren 21ean izandako azkeneko bilkuran berritze proiektua aurkeztu zuen. Baina egitasmoa gauzatzeko baimena ez ematea erabaki zuten auzapezek.
«Berritu beharra zegoela esan genuenetik eskaera nagusi bat genuen: linea lurpetik pasatzeko. Hiru bilkura izan ditugu haiekin, eta emaitza ikusiz, argi da gure eskaerak ez dituztela kontuan hartu», salatu zuen auzapezak.
Bilera antolatu
Ondoko hilabetean RTE enpresak bigarren egitasmo bat aurkeztu beharko luke, eta Departamenduko prefetak bilera bat antolatu beharko du.Baina linea lurpetik pasatzeari dagokionez, RTE enpresak jakinarazi du obra horiek eginez diru anitz xahutuko dutela. Aireko linea arrunta baino %60 garestiagoa ateratzen zaiela argitu zuten.
«Gure ikuspegia kontuan hartu ez dutenez, ez ditugu obrak baimenduko», esan zuen Libilbehetik. Lexantzü-Zunharreko auzapezaren ustez, lurpetik pasatuta garestiagoa ateratzen bada ere, geroan irabazi baizik ez da eginen. «Geroari begira askoz merkeago aterako zaie lurpeko lineek ez baitute horrenbesteko zainketarik behar», argitu zuen Jean-Pierre Libilbehetik.
Atharratzeko auzapezek argi dute bai estetikarako bai ingurumenerako irtenbide egokiena lurpeko lineak direla.
Asanblea Nazionalean erabakia
«Migratzen duten txori batzuen pasagune nagusi bat da hori. Arazo horretatik at, etorkizunean lurpeko lineek estetika ederragoa emanen dutela iruditzen zaigu. RTEk kostuaren arazoa aipatzen du, baina horrekin batera pribatizazioaren arazoa dago. Horrek ez du deus konpontzen», nabarmendu zuen geroago Jean- Pierre Libilbehetik.Ligitik, Larrainetik eta Santagrazitik Maulera doan Zuberoatik pasatzen den argindar linea hori 1977an eraiki zuten, beraz, orotara hamalau kilometro egiten ditu. Atharratzeko kantonamenduko auzapezek egindako berritze eskaera dela-eta, RTE enpresak argindar linea hori 2009 urtea aitzin berritu beharko luke.
«Asanblea Nazional frantsesak txosten bat kaleratua du, eta bertan, zaharkituak diren argindar linea horiek berritzeko eskatzen du. Gainera, lineak lurperatzeari lehentasuna eman behar zaiola erraten du txosten horrek. Linea honen kasuan berant handia hartu dute. Oso zaharra dago. Zutoin asko daude, eta oso behera pasatzen dira», bukatu zuen esaten Libilbehetik.