- Urrezko Aizkora
Mugertzak eta Arrospidek erraz lortu dute finalerdietarako txartela
·Txapartegik eta Etxebestek sei probetatik bakarra irabazi ahal izan zuten
ASTEASU
Fausto Mugertzak eta Anjel Arrospidek lortu zuten larunbat gauean Asteasun Urrezko Aizkorako finalerdiak jokatzeko txartela. Larretxea eta Barberena ere sailkatuta daude. Gazteen saioa, berriz, Rekondok eta Erasunek irabazi zuten. 250 ikusle inguru batu ziren Asteasuko pilotalekuan.45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu abiatu ziren, eta Mugertza-Arrospidek lehenengo garaipena eskuratu zuten. Enborra 36 kolpetan erdibitu zuten; eta Txapartegi-Etxebestek, berriz, 40an. Ondoren, bi 45 ontzako moztu behar izan zituzten, aizkolari bakoitzak bana, eta hor lortu zuten gaueko garaipen bakarra Aizarnakoak eta Igeldokoak. 1.47n burutu zuten lana, eta bi segundo gehiago behar izan zituzten aurkariek. Hirugarren lanean, aizkolariek bi metro bueltan duen enborra zutik moztu behar izan zuten. Mugertza-Arrospidek 5.05ean moztu zuten, eta 5.52n, Etxebeste-Txapartegik. Laugarren lanean, oinbiko bat txanda librean moztu behar zuten.Leaburukoak eta Mutrikukoak 2 minutu eta 52 segundoan bota zuten enborra, eta aurkariek, berriz, 3 minutu eta 13 segundo behar izan zituzten. Bosgarren lanean, bi kana-erdiko moztu behar izan zituzten, bat zutik eta bestea etzanda jarrita. Aizkolari bakoitzak bana moztu behar zuen. Mugertzak eta Arrospidek berriro ere garaipena eskuratu zuten. 3.51 izan zen beren denbora, eta 4.41 Txapartegi-Etxebesterena. Azkeneko saioan, biko bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituen, eta berriro ere Leaburukoa eta Mutrikukoa izan ziren garaile. 9.50 izan zen beren denbora, eta 10.34, Aizarnakoarena eta Igeldokoarena. Sei probak egiten 24 minutu eta segundo bat behar izan zituzten Arrospidek eta Mugertzak, eta 26 minutu eta 45 segundo, Txapartegik eta Etebestek. Gazteen lehiaketa ere abiatu zen Asteasun, eta bazegoen ikusmina Alkizalete II.a ikusteko. 17 urteko asteasuar hori lehen aldiz plazaratu zen, baina ezin izan zuen garaipenik lortu. Oraindik hobetzeko asko dauka, baina denbora eta astia ere badauzka. 17 urte besterik ez du, eta aizkoran ez darama denbora handia. Gorriti III.arekin osatzen zuen bikoa, eta saioko proba guztiak galdu zituzten Rekondoren eta Erasunen aurka. Bazegoen biko hori ikusteko gogoa, batez ere Erasun gaztea. Iturengo mutil horrek 17 urte ditu, eta oso itxura ona eman zuen. Erraz irabazi zituzten. 17 minutu eta 40 segundo behar izan zituzten Rekondok eta Erasunek bost probak egiteko; eta 21 minutu eta 47 segundo, berriz, Alkizalete II.ak eta Gorriti II.ak.
Apusturako deia
Jexuxmari Lasa aizkolariak apusturako deia egin du. Hamalau kana-erdiko aizkoran eta ordu eta erdi bete bitartean segan edozeini jokatzeko prest dago. Erasun eta Olasagasti uzten ditu bazterrean, baina beste edozeini jokatzeko prest dago. Datorren ostiralean Tolosan egongo da, Kantabriko tabernan, 19.30etik 20.30era. Dirutan 6.000 euro jokatuko lituzke.
|