DONOSTIA
EAJko eta PSEko buruzagi nagusiek Batasunaren aurka egin zuten atzo. Arnaldo Otegik larunbatean emandako prentsaurrekoa baliatu zuten indar abertzaleari, besteren artean, «auto- nomia eza» eta «koldarkeria» leporatzeko.EBBko presidente Josu Jon Imazek Donostiako Alderdi Ederren eginiko elkarretaratzean hartu zuen parte, eta, atentatua gaitzetsi eta horrek sortu dion «nazka» nabarmendu ostean, ETAk «Barajasen eragindako tragediak bake itxaropena leherrarazi» duela esan zuen.
Buruzagi jeltzalearen aburuz, prozesuak «oinarri batzuk zituen: ETAk indarkeria alboratzeko izan behar zuen borondate argia, alegia». Otegiren prentsaurrekoaren gainean, berriz, «penagarria» izan zela esan zuen, «ez baitzuen inolako gaitzespen adierazpen sendorik egin tragedia horri buruz».
Josu Jon Imazen esanetan, ETAk «itxaropena zapuztu» eta egoera «erabat desberdin» batera eraman gaitu. Bakearen alde lan egiteko apustua goraipatu zuen Josu Jon Imazek.
PSEko idazkari nagusi Patxi Lopez ETAk «ezker abertzaleko militanteen sinesgarritasun eskasa» zapuztu duela adierazi zuen. Lopezek prozesuak aurrera egin ahal izateko Batasuneko kideek zein pauso eman duten itaundu zuen, eta haren ustez, egin duten bakarra «jasanezinak diren baldintzak» jartzea izan da.
Patxi Lopezek Bilboko udaletxe aurrean egindako elkarretaratzean parte hartu zuen, eta bertan, Batasunak Anoetan egindako proposamena Barajaseko hondakinetan lurperatu dutela adierazi zuen.
Lopezen aburuz, Batasunak erakutsi duen bakarra «izugarrizko koldarkeria» da. «Gizartearen gehiengo handiak eskatzen ziona egin beharrean, hau da beren erantzukizunei aurre egin beharrean, sortutako ilusioak eta bake eta politikarako bidea zapuztu» duela leporatu zion Lopezek Batsaunari.
Batasunak «une oro» haren baldintzak jarriz prozesuaren blokeoa elikatzea besterik ez duela ekarri adierazi zuen PSEko kideak, eta ETA erakundea eta ezker abertzalea erantzule bakartzat jo zituen.
Igande eguerdian Barajasen jazotako atentatua gaitzesteko elkarretaratzeak izan ziren Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
Politikari ugari
Bilboko elkarretaratzean bertako alkate Iñaki Azkuna edota PSEko kide Rodolfo Ares eta Jose Antonio Pastor egon ziren. Ordubete geroago, berriz, Bilboko Moyua plazan beste hitzordu bat izan zen Ermuko Foroak antolatuta, eta bertako kideez gain, PPko ordezkari ugari bildu zen.Gasteizko elkarretaratzean, berriz, EAEn Gobernu espainoleko ordezkari Paulino Luesma, Arabako diputatu nagusi Ramon Ravanera eta Gasteizko alkate Alfonso Alonso egon ziren.
Donostiako protesta Alderdi Ederren egin zuten, eta bertan, EAJko Josu Jon Imaz eta Joseba Egibar, EBko Antton Karrera, PSEko Miguel Buen eta Donostiako alkate Odon Elortza izan ziren besteren artean. Odon Elortzak «euskal herritarren eta espainolen ilusio eta ametsa zapuztea» leporatu zion ETAri, eta alderdi guztiei batasuna mantentzeko deialdia egin zien.