GARA > Idatzia > Mendia

ESKALADA Sektore berriak

Nafarroako Eskalada Eskola Haize berriak Etxaurin

Ekipatzaile batzuei esker, Nafarroako eskalada nagusia beste aurpegi bat erakusten ari da. Azken urteotan lan handia egin dute, eta emaitza lau sektoretan ikus dezakegu: Axeribaldi, Kale Borroka, Peña de las trampas eta Arrano Beltza.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Iaz ez bezala, aurtengo neguan Euskal Herrian okupa bezala egon diren antizikloi ezberdinek aukera handiak eman dituzte eskalatzeko. Hori, besteak beste, Etxaurin ikusi dugu. Hori bai, ohiko sektoreetan ez ezik, beste batzuetan ere makina bat lagun jardun dira. Zirizako harmailetatik ezkerretara kokatuta daudenak aipatu nahi ditugu. Hein handi batean, horietako biren inguruan informazioa bageneukan. Baina, nahiko berriak zirenez, han marraztutako bideak ez ziren asko. 45 gutxi gorabehera. Hain zuzen ere, Kale Borroka eta Pared de las Trampas izeneko eremuei buruz ari gara.

Duela hiruzpalau urte, horren berri eman genuen. Jakina, denborak aurrera egin ahala, sektore horiek handitzen joan dira, eta, horrez gainera, beste pare bat eremu berri gehitu zaizkie. Horren «errua», besteak beste, Ekaitz Maizek du. Etxauriko gaztea, goi mailako eskalatzailea izateaz gainera, Nafarroako eskolako egungo ekipatzaile eraginkorrena dugu. Axeribaldi eta Arrano Beltza sektoreak dira azken harri bitxiak. Horrela bada, orrialde hauetan, gaurkotasun osoa duten lau sektoreen berri emango dizuegu, Maizen eskutik, beti ere.

Kale Borroka sektoreko aparkalekuan egin dugu hitzordua, eta bizkar zorroa hartu ostean, eskalada gidatuan buru belarri sartuko gara. Nahiz eta aipatu ditugun sektoreak nahiko berriak diren, eskalatzaile etxauriarrak adierazi digu lehenengo urratsak orain dela hamaika urte hasi zirela egiten: «Torreon eremuko aparkalekuan ginela, Etxauriko sektore klasikoenetakoaren aurrean, Zirizako harmailetatik ezkerretara dauden paretetara begira jarri ginen. 1996ko udaberria zen. Denbora generaman horma horiek aztertzen, eta behin baino gehiagotan hara hurbiltzea otu zitzaigun. Harrigarria bada ere, inor ez zen ausartu pareta haietan. Haietara hurbildu ginen, paseo bat egin genuen... eta egundoko aukerak zeudela baieztatu genuen. Hori bai, garai haietan genuen mailarentzat agian gehiegizkoa zen».

Hala ere, Maiz eta bere kideak ez ziren kikildu. Ekipatzeko material eta tresna guztiak hartu eta ukitu gabeko pareta haietara joan ziren. Bat-batean, urdin koloreko plaka bat ikusi zuten. Alde batetik eta bestetik begiratu ondoren, lerroartekoz zein zuloz beteta zegoela ohartu ziren. Horrez gainera, mendateko bigarren bihurgune itxiaren gainean oso nabarmena zen diedro bat ere aztertu zuten. Biharamunean, denbora galdu gabe, Xabi Perezek, Endika Martinezek eta Maizek berak Sarbil mendiaren magalean dagoen horma hartara joateko erabakia hartu zuten: «Euskal pekatariak bidea (6c+) artifizialean eskalatu ondoren, Kale borroka bidea (7c+) ekipatu genuen. Sektore berriko lehenengo marra zen; urdin koloreko plaka, ederra baino ederragoa. Hari esker, bide gehiago sortu genituen. Pixkaka-pixkaka eremu berria zein Etxauriko eskola guztia indartzen joan ziren: horrela bada, inolako zalantzarik gabe, lasai asko esan genezake Etxauri dela Iberiar penintsulako iparraldean dagoen eskola onenetakoa. Sektore berri hauetan lerroarteko bikainak daude, oso blokeo gogorrak exijitzen dituzte, hango diedroek zein artesiek eskalatzailearen teknika neurtzen dute eta eroria duten bideek besaurreak lehertuko dituzte. Hitz bitan biribiltzeko, bide hauetan bederen, indar handia baino askoz garrantzitsuagoa da ongi mugitzea».

 

Giro bikaina

Sarrera hau egin ondoren, bide ezberdinetara begira jarri gara. Azterketa orokor bat eginez gero, ohartuko gara horietako marra asko naturalak direla, baina, beste batzuk, berriz, osagai artifizialak dituzte. Jakin badakigu gaur egungo muturreko zailtasuneko bide asko eta asko ez direla guztiz naturalak; manipulatuak direla esan nahi dugu. Direla sikak, direla eskuz eginiko zuloak edo erregeletak... Jakina, gai horren inguruan kolore ezberdinetako iritziak daude, eta Etxaurin ere ezin izan dute errealitate horretatik ihes egin.

Ekipatzaile etxauriarrak berak arazo horien berri eman digu: «Eskalatzeko zein ekipatzeko orduan beti polemikak eta eztabaida beroak izan dira. Pareta horiek ekipatzeko aukera ikusi genuen, eta batzuek ez zuten oso ongi ikusi. Haatik, guk gurearekin jarraitu genuen, eta bide batzuk sortu genituen. Ondoren, manipulatutako heldulekuen eztabaida iritsi zen. Horretan ginela, teknobidea bezala ezaguna zen El Tubo (8c+) desekipatu zen; hau da, jarrita zeuden segurantza gailu guztiak kendu zituzten. Uste dut gaur egungo egoera ezberdina dela; oreka dagoela baiezta dezaket. Horrekin esan nahi dut eztabaida handirik gabe jartzen dela bide batean edo bestean heldulekuren bat. Baina hori ez da txarrena. Azkenaldian kateatutako bide natural batzuk manipulatu dituzte `ezezagun' batzuk: hori bai dela azala! Ongi egindako lana pikutara bidali dute. Hala eta guztiz ere, eztabaida horiek guztiak alde batera utzita, sektore berrietan ikusten den giroa aipatu nahi nuke. Ultrafanatikoa dela esango nuke. Oso gustura hartzen ditugun bisitak jasotzen ditugu. Gipuzkoarrak, bizkaitarrak eta arabarrak ere etortzen dira hona, eta haien iritziek eta eskaladek asko akuilatzen gaituzte».

Sektore berri hauek agertu baino lehen, Etxaurik 500 baino bide gehiago zituen; gehienak kirol eskaladarako ekipatuak, baina badira «abenturarako» eta artifizialerako proposamen zeharo interesgarriak. Agian, hanka motz geratzen zen arlo bakarra zailtasun goreneko bideen zerrenda zen. Baina ekipatzaile talde horrek egin duen lan eskergari esker, hutsune hori pixkaka betetzen ari dira.

Horrela bada, neurri batean bederen, Araotz edo Baltzola bezalako eskoletan dauden «izar» batzuk aipatutako sektore nafar batzuetan aurki ditzakegu; besteak beste, Kale borroka sektorean. Maizek horietako batzuen aurrean jarri gaitu. Zerrenda horretan, batetik Mamirik gabeko gorputzak (8c) ikusi dugu; etxauriarrak berak kateatutako lehenengoa. Bestetik, El Tubo (desekipatua), sektoreko lehenengo 8c+; Patxi Arozena izan zen bide hori igotzen lehenengoa. Eta zailtasun gorenean protagonista nagusia bihurtu dena: Begi puntuan. Bidearen lehen igoera Patxi Usobiagak erdietsi zuen, eta 9a proposatu ere. Hiru adibide besterik ez ditugu jarri, baina maila horretako bideak eskalatzeko sasoian dagoenari lasaitasuna eskatu behar diogu, oraindik makina bat proiektu askatzeko eta ekipatzeko baitaude.

Bisita honetan eskalatzaile nafarrak aurreratu digunez, zailtasun handiko marrek ez dute protagonismo osoa hartzen; ezta gutxiagorik ere. Adibidez, Arrano beltza sektorean 7a+ eta 8b arteko oso proposamen ederrak daude. Axeribaldin eta Peña de las Trampasen, berriz, 6. eta 7. artekoak nagusitzen dira. Maizek berak Mendia-ko irakurlearentzat honako proposamenak egin ditu: «Hainbeste bideren artean, zaila da aukeraketa egoki bat egitea, baina, ondo aztertu ondoren, hauexek dira niretzat erakargarrienak: Robin Hood (6c), Poxpolina (6b) eta Rotenmeier andereñoa (6b) Axeribaldin; Atxiloketa=Tortura (7c+), Mamirik gabeko gorputzak (8c), Kale borroka (7c+), Tekken (8b+) eta Zuriñe sorgiñe (8a+) Kale borrokan; eta El calvario de Rosado (7a+) eta Arrano beltza (8a+) Arrano beltzan».

Bisita gidatu honekin amaitzeko, etxauriarrak sektore hauetan dauden bideen ezaugarriei, arrokari zein ekipamenduari buruzko laburpena egin digu. Arrokari dagokionez, kare-harriaren kalitatea oso ona dela aurreratu digu, eta gehitu du bide gehienak kirol eskaladakoak direla; hori bai, hainbat luzetakoak ere aurki daitezke. Ekipamenduaren atalaren inguruan, esan digu material gehiena Nafarroako Goi Mendi Eskolak (NGME) emandakoa dela, eta bideetan dauden segurantza gailuak kimikoak zein paraboltak direla. Bideen ezaugarriak: plaka edo eroria duen plaka, makina bat lerroartekorekin. Alabaina, erori handikoak, diedroak eta artesiak ere badira.

Sektore hauetatik guztietatik bueltan, Maizek honako ohar hauek egin nahi izan dizkigu: «Zoritxarrez, Etxaurin lapurreta asko izaten dira. Iaz, adibidez, aparkalekuak zaintzapean jarri ziren, eta azkenaldi honetan ez dira hain albiste txarrak entzun. Azkenik, NGME eta Ekipamendu Batzordeari nire eskerrak helarazi nahi dizkiet, ia material osoa eman digutelako. Eta batez ere, ekipatu duen orori».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo