GARA > Idatzia > Iritzia

Bilboko garraio publikoaren argilunak

Bilboko garraio publikoak gero eta erabiltzaile gehiago ditu, atzo Metro Bilbaoren zuzendari-gerente Rafael Sarriak eta Ibone Bengoetxea Bilbo- busen arduradun eta Zirkulazio eta Garraioetarako ordezkariak jakinarazi zutenez. Joan den urtean ia bi milioi lagun gehiagok erabili zuten metroa, eta milioi bat gehiagok, autobus zerbitzua. Urtero aurkezten dituzte antzeko datuak garraio publikoen arduradunek, eta pozteko motibo dira garraio publikoaren alde egiten duen edonorentzat. Hala ere, pentsa litekeenez bestela, nola Bilboko kaleetan hala sarbideetan ere ohiko auto-ilara handiak, errepideak mukuru beteta agertzen dira urterik urte. Bestetik, Metro Bilbao inoiz ez dela errentagarria izango esaten badute ere, ez dute ordutegia zabaldu nahi, hainbat hiritarrek eta elkarte politiko eta sindikalek goizean lehenago abiatzeko eskatu duten arren; izan ere, lehen txandetako langile ugarik behar du zerbitzu hori. Baina Rafael Sarriak atzo horretaz esan zuenaren arabera, eskaera txikia da eta, beraz, «demagogia politikoa» egiten dute hori eskatzen dutenek. Nolanahi ere, errentagarritasuna bilatzen ez bada, hain zuzen, ordutegiari dagokionez ere zerbitzu hobea eskaini beharko lukete. Azken batean, erabiltzaileari ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzea baita garraio publikoaren errentagarritasunik handiena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo