GARA > Idatzia > Kultura

Txotxongiloak dantzan jarriko dituzte EOSk eta Per Poc-ek

«Romeo eta Julieta" ballet ezagunaren bertsio berezia estreinatuko dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Kataluniako Per Poc konpainiak. Hamar txotxongilo erraldoik eramango dute eszenatokira Shakespearek idatzi istorioa, Cesc Gelaberten koreografiekin.

Izaskun LABEAGA | BILBO

Iruñean, Baluarte aretoan, estreinatuko dute otsailaren 28an familiarteko ikuskizuna. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere 25. urtemugaren kariaz gazteentzako aurreikusitako ekitaldietako bat da ondoren Arriaga Antzokian (martxoaren 1ean), Kursaalen (martxoaren 2an) eta Gasteizko Principalen (martxoaren 3an) aurkeztuko dutena.

Kolore askoko muntaia da Euskadiko Orkestrak eta Per Poc-ek taularatuko dutena. Hamar txotxongilo erraldoiren eskutik kontatuko diete haur eta gurasoei William Shakespearek idatzitako maitasun tragedia. Horretarako narratzaile baten laguntza izango dute. Matxalen de Pedro aktore bilbotarra arituko da zeregin horretan, Unai Elorriagak euskaratutako testua baliatuz.

Pablo Gonzalezek zuzenduko ditu musikariak. EOSrekin egiten duen lehenengo kolaborazioa du. Prokofieven partituraren zatiak interpretatuko dituzte elkarrekin. «Musika dentsoa da, orkestrazio handiarekin», agertu zuen atzo Iñigo Alberdi Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari orokorrak ikuskizunaren aurkezpenean.

Per Poc konpainiako kide eta ekoizpenaren arduradun Ana Fernandezek azaldu zuenez, oihalak eta testurak kontuan hartuta eraiki zituzten panpinak. Pertsonaia bakoitzari kolore bat eman diote. Romeo urdina da eta aurpegia ere kolore horretakoa du; Julieta, berriz, arrosa margoarekin identifikatua dago. Bestetik, protagonista femeninoaren ezaugarririk nabariena zortzi metroko besoak dituela da, eta lanaren momentu batzuetan hiru lagunen beharra dute hura mugitzeko. Panpinak manipulatzen dituztenak ez daude ezkutuan, horien lana erakutsi nahi baitu Per Poc-ek. Bi eta lau metro arteko garaiera duten txotxongiloak dira konpainia katalandarrarenak.

 

Musika nagusi

Musika da elementu nagusia eta txotxongiloak haren zerbitzura daude. Izan ere, tentsio dramatikoa musikak ematen dio antzezlanari eta txotxongiloek istorioa kontatzen dute dantza mugimendu landuekin. Cesc Gilabert koreografo ezagunaren laguntza izan dute balleta antolatzeko. Helburu nagusia haur eta gaztetxoak musikara hurbiltzea da.

Sarrerak salgai dira dagoeneko. Prezio bakarra ezarri da eta, hala, zortzi euro ordaindu beharko dira eserleku bakoitzeko. ``Romeo eta Julieta'' ikustera hurbiltzen direnentzako opari bat du Euskadiko Orkestrak, Iñigo Alberdik atzo iragarri bezala. Ikusleek liburua eta CDa eskuratuko dituzte, Saint-Säensen ``Animalien ihauteria'' eta Prokofieven ``Peru eta otsoa'' lanen grabazioarekin.

PABLO GONZALEZ
Pablo Gonzalezek zuzenduko ditu musikariak. Euskadiko Orkestrarekin egiten duen lehenengo kolaborazioa da honako hau. Prokofieven partituraren zatiak interpretatuko dituzte aurreneko aldi honetan.
MATXALEN DE PEDRO
Hamar txotxongilo erraldoik eramango dute maitasun tragedia taula gainera. Zeregin horretan Matxalen de Pedro aktorea izango dute lagun, narratzaile bezala arituko baita. Unai Elorriagak itzuli du testua euskarara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo