GARA > Idatzia > Kultura

«Gure hitzen inguruan beti egon da amorrua eta iluntasuna"

Mikel Kazalis
anestesia taldeko gitarra-joTZAIlea Kementsu ezagutu izan dugu beti Mikel, Negu Gorriaken lehen eta Kuraian orain, baxua astintzen. Lau urteko lozorroa eta gero hemezortzi urte bete dituen Anestesia basapiztia esnatu du egun, eta Dani, Iban eta Beloki jatorrizko taldekideekin batera «Terapia" aurkezten ari da, zarauztarren bosgarren lan gordina.

Anartz BILBAO | BILBO

Korrika kulturalaren barruan, Anestesia taldeak zuzeneko bortitza eskainiko du larunbatean Gasteizen, Itaka zumaiarrekin batera. Lau urteko isilaldia eta gero, «Terapia» bosgarren lana dakarte zarauztarrek. Hona lan horren inguruan taldeko arima den Mikel Kazalisen esanak.

Lau urteko isilaldia, zertan?

Aurreko lanarekin urte eta erdi inguru ibili ginen jotzen eta horren ostean, beti bezala, atsedenaldi bat egitea erabaki genuen, urte askoko ibiliaren ondoren behar genuelako. Gauza da oraingoan luzeagoa izan dela geldialdi hori. Nil baxu-jotzaileak taldea utzi eta hiru lagun bakarrik gelditu ginen. Egoera kritikoa zen eta horrek behartu gintuen tarte hori luzatzera.

Zer dakar «Terapia» berriak?

Iturri zaharretatik edan dugu, nahiz eta eragin berriak askotan gu geu konturatu gabe ere hor egon. Printzipioz oso disko oinarrizkoa egin dugu, oso gauza sinplea eta muinera joanez. Apainketa gabeko abestiak dira, gure hasierako estiloetan oinarrituta.

Hirukotean prestatua.

Bai, baxu-jotzailerik gabe gelditu eta gero besteok jarraitu nahi genuela erabaki genuen eta ez ginela geldirik egongo, diskoa prestatzen hasiko ginela. Nik estudioa dudala aprobetxatuz, 2005ean tarteka gauza batzuk grabatzen hasi ginen lasai-lasai. Horrela, luzatzen joan zen lana bi urtez, konturatu orduko jada diskoa osatuta genuen eta, baxu-jotzailerik ez genuenez, ni arduratu nintzen baxua grabatzeaz. Behin diskoa bukatuta, Dani agertu zen, hasierako baxu-jotzailea, eta zuzenekoak prestatzen hasi ginen.

Bonberenean emandako lana.

Autoekoizpen moduko bat da, baina Bonbereneak laguntzen digu musika egitea ez den beste gauza guztietan, diskoa bera egin, banaketa, promozioa...

Diskoa prestatzen hasi ginenean ez genuen disko etxerik, bere garaian Esan Ozenki genuen bezala, Metak ere ez zegoen, eta konturatu ginen ateak jo behar genituela edo beste formula bat bilatu beharko genuela. Gauza asko begiratu eta gero Bonbereneakoek gure proiektua aurrera eramateko konfiantza eta ilusioa eskaini zizkiguten eta horrek bultzatu gintuen beraiengana.

Adinak lasaitu egiten omen du.

Abiaduran agian abesti azkar gutxiago dago disko honetan, baina beti izan ditugu oso erritmo askotarikoak, azkarrak edo oso astunak. Oraingo honetan alda daiteke proportzioa, eta gehiago egon osagai batetik bestetik baino, baina betiko formula da.

Hitzak beti bezain ilun.

Gure hitzen inguruan beti egon da amorrua eta iluntasuna. Oraingo honetan, nik maila pertsonalean pasa nituen bizipen gogor batzuengatik ilunagoak dira oraindik, garai horretan egindakoak direlako.

Trasha eta hardcorea nahasten aitzindari. Jarraitzailerik bai?

Egia da guk egiten dugun nahasketa honek ez duela jarraitzaile askorik izan Euskal Herrian. Egun egiten den metala ere beste ildo batekoa da eta hardcoretik banatuta jarraitzen du. Nahiko bakarrik gelditu gara.

Zuzeneko bira itzel omen doa.

Diskoa aurkezten hasi ginenetik boom bat gertatu da. Publikoa gogoarekin zegoen eta harrera izugarria izan da. Zarauzko kontzertua ikaragarria izan zen, Tolosan, Orion... Durangon Biok eta gu bezalako bi talde ikusten ia mila pertsona! Ez genuen espero, ez, harrituta gaude eta badakigu fenomeno bitxi bat gertatu dela urteak eman ditugulako jo gabe. Taldea izen mitiko bihurtu da eta, gurekin ahaztuta egongo zirela uste bagenuen ere, kontrakoa gertatu da. Lehen kontzertuetara etortzen zirenak kristoren gogoarekin etorri dira eta horri publiko gazteagoa gehitu zaio, 18-20 urtekoa.

Etorkizunari begira asmo berririk ba al duzue?

Ez dugu ezer planteatu. Ez daukagu plangintzarik etorkizunerako. Oraingoz nahikoa egin dugu diskoa egitearekin eta taldea berriz ere osasuntsu jartzearekin izan ditugun arazoak eta gero. Oso gustura gabiltza orain zuzeneko kontzertuak gozatzen, eta hori da egin nahi duguna, besterik gabe, jo!

 
Fitxa
Nor: Anestesia eta Itaka. Data: Larunbata 10. Lekua: Gasteizko Gaztetxea. Ordua: 21.00etan. Sarrera: 5 euro. Korrika kulturalaren barne.
«Anestesia siempre ha sido el instrumento que he utilizado para encauzar mis ideas"
Iturri zaharretatik edan dugu, gure hasierako estiloetan oinarrituta. Apainketa gabeko abestiak egin eta muinera joanez

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo