Duintasuna lagun
Ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik, tarteka, oso bereziak diren taldeak sortzen dira.
Mix6T izeneko egitasmoan, musikarekiko maitasunak bultzatuta, herrialde eta kultura desberdinetako lagunak bildu dira, guztien artean duintasun mezua zabaltzeko asmoz. Zorionez, mundu honetan asko dira musikaren «militante»-ak. Musikarekin aberastea baino, musikaren bidez sentimenduak eta ideiak adieraztea bilatzen dute eta prest daude, baldintza kaskarretan bada ere, bide trakets eta malkartsuenetan ibiltzeko.
Horiek dira, bereziki, musikaren duintasuna defendatzen dutenak, eta Euskal Herrian horren adibide asko ditugu. Mix6T, horien artean. 2002. urtean osatu zen musika taldea, aurretik urteetan zehar beste hainbat egitasmotan aritu izandako musikariekin; Skunk, A6Sortie12, Steppin jogo, besteak beste. Reggae, rap eta funk doinuak lantzen dituzte bereziki, inongo musika eragini ateak itxi gabe.
Bai talde modura eta baita sound system bezala, Euskal Herriko hainbat txokotan aritu dira dagoeneko. Disko bildumetan parte hartu eta gero, maxi diskoa aurkeztu digute orain; eta bertan, lau kantu berri eta bideoklipa aurkituko ditugu, Musikherria diskoetxeak kaleratuta eta Bad sound systemeko lagunen kolaborazioekin.
Euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo arabiarrez, kultura desberdinen arteko batasun mezua lau haizetara zabaltzeko prest.