Sozietate Zergaren erreforma, patronalaren gustuko, beti bezala
Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatuen kontseiluek herenegun egin zuten bezala, Arabako diputatuenak atzo onartu zuen Sozietate Zerga moldatzeko proiektua, tasa orokorra %28ra jaisten duena. PP, bere aukera Estatu espainoleko tipotik gehiegi ez aldentzea dela adierazi ondoren, bat etorri zen arau berriarekin, espero izatekoa zenez eta, hartara, alderdi horrek eta EAJk ez dute arazorik izango hiru herrialdeetako Batzar Nagusiek aldaketa onar dezaten.
PFEZren erreformaren ildotik, Sozietate Zergarenak enpresei zerga zama arintzera jotzen du, ahalmen ekonomiko handienari, alegia; gainera, kenkariak eta hobari fiskalak gehituta, benetako tipoa are murritzagoa izango da haientzat, noiz eta aspaldiko etekinik handienak lortu dituztenean. Presio fiskala gutxitze horrek, ia berrehun milioi gutxiago biltzeak, alegia, gastu soziala murriztea dakar ezinbestez. Arauaren aldekoek Europako batez bestekora hurbildu beharra argudiatzen dute, baina, gastu sozialari dagokionez, bide horretatik hiru herrialdeak urrundu egiten dira Europatik, areago urrundu ere. Enpresarien elkarteen ustez ere Europako batez bestekora hurbiltzea norabide zuzena da, eta pozik agertu dira erreformarekin, enpresek beren etekinengatik ordaintzen duten zerga areago beheratu beharko luketela uste badute ere. Horien arabera, ereformak hazkunde ekonomikoa mesedetzen du eta, azken batean, langileen onerako izango da, enplegua sortzea eta gizartearen ongizatea erraztuko baitu. Hala ere, hitz erretoriko horiek ez dirudite oso sinesgarriak gaur egungo kontratatazioak ikusita. Ez da sinesgarria oro har enpleguaren kalitate kaskarrari aurre egiteko inbertsio handirik egingo dutenik. Ez da sinesgarria lan prekarietateak askorik kezkatzen dituela, hura inoiz baino handiagoa baita gaur egun.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek berriro ere patronalaren nahien arabera jokatu dute, eta gizarte laguntza handiena behar dutenen kaltetan. Behin eta berriz ikusten dugu eskuin neoliberalaren diskurtso populista, zergek behera egin behar dutela dioen hori, gauzatuta. Gehien dutenak murrizketa horien onuradunak dira; gutxien dutenek, ordea, ez dituzte nabaritu ere egiten... gizarte laguntzak murrizten dituzten politiketan baino.