Segi borrokan, segi antolakuntzan
Euskal gazteria antolatzen segituko du. Herri honek gazte belaunaldi konprometitu, iraultzaile eta borrokalaria behar du
Joana Regueiro, Aner Petralanda
Mahaikideak
Euskal Herriko historian bere lekua egin dute Gazte Erakunde Independentista iraultzaileek. Segik, bere baitan, 27 urte antolatzen eta borrokatzen aritzeak ematen duen heldutasun politiko eta militantea gordetzen du.
27 urteren joan-etorrian, ugariak izan dira Euskal Herrian izan diren aldaketa politiko, ekonomiko nahiz sozialak. Aldaketa horien aitzinean, gazte erakunde independentista eta iraultzaileek eraberritzeko izugarrizko gaitasuna erakutsi dute.
Allendek esaten zuen bezala, «gaztea izatea eta iraultzailea ez izatea, kontraesan biologikoa da». Gazteak, historikoki, herri honen askatasunaren aldeko borrokan lehen lerroan egon izana ezinbestekoa izan da Estatu espainiar eta frantziarraren erasoei aurre egiteko eta Euskal Herriaren eraikuntza nazionalean aurrerapausoak emateko.
Gazte Erakunde independentistaren jaiotzatik, euskal gazteria antolatuak jasandako erasoak ez dira gutxi izan. ZEN planetik hasi eta gazteak berdin biolentoak ekuazioa gizarteratzeraino. Lege antiterroristetatik hasi eta adingabekoen lege eta kartzela berezituetaraino. Eta eman dute azken kolpea; gazte erakunde independentista eta iraultzailea terrorista deklaratu dute.
Belaunaldiz belaunaldi, kultura politiko bat transmititu izan da, borrokaren zentzurik zabalenean kokatuz, kontzientzia sortuz eta konpromisoz lan egiten ikasi dugu. Gazteok kolektibo bezala antolatuta eta autogestionatuta, gauza mordoa egin eta lorpenak izateko gai garela askotan erakutsi dugu txikia bezain handia den Euskal Herrian: intsumisioaren borrokan parte hartuz, mobilizazioetan inposaketei aurre eginez, gaztetxeko jaian parte hartuz, unibertsitateko neurri zapaltzaileen aurrean erantzunez, ABLEen aurkako okupazioetan, gazte komunikabideak sortuz, etxebizitza duin baten aldeko elkarretaratzeetan, eta abar luze bat. Hori da egungo Euskal Herriko milaka emakume eta gizonek bizi izan duguna eta egun ere konpromiso berberarekin maila eta modu ezberdinetan lanean dihardugu.
Herri gisa erantzun behar zaio eraso honi. Herri gisa babestu baita herri honetako gazteria ere. Azkeneko hamarkadetan egin bezala, errepresio dinamika oso eta integralak irekirik jarraitzen du. Erasoen aurrean gazteak erantzuteko erakutsi gaitasuna, ausardia eta tinkotasuna eredugarriak izan dira ezker abertzalearentzat eta jendarteko beste hainbat sektorerentzat. Eta eredugarria ez ezik, errepresioaren antzutasuna agerian uzteko baliagarriak; Segiko militanteak eta gazteriaren parte zabal batek borrokan tinko jarraitzea horren erakusgarri dira.
Konponbide demokratikoa behar dugu, bi estatuek arazoa ez dutelako soilik gazte independentista antolatuekin. Herri oso batekin aurkitzen dira aurrez aurre, hitzaren eta erabakiaren jabe izan nahi duten gizon eta emakumeekin, hori da arazoaren muina. Horregatik, marko demokratiko baten aldarriarekin atera behar dugu kalera!
Negu gorrian eta elur artetik loreak loratzen jarraituko dute, Euskal Herriko gazteriak askotan erakutsi behar izan duen bezala, udaberria hemen dago. Horregatik, Euskal gazteria antolatzen eta borrokatzen segi, segituko duenaren konbentzimendu osoa dugu. Behar dugu. Herri honek gazte belaunaldi konprometitu, iraultzaile eta borrokalaria behar du.
Gure elkartasuna ebazpenaren jo puntu izan diren 23 gazteei eta baita antolatuta eta borrokatzen jarraitzen duten milaka gazte independentista iraultzaileei ere! Biba zuek!!