GARA > Idatzia > Euskal Herria

EEPk eta Lakuak «historikotzat" jo dute sinatutako hitzarmena

Atzetik zetorren elkarlana «instituzionalizatu" dute EEPk eta Gasteizko Kultura Sailak izenpeturiko hitzarmenaren bidez. Urtero Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko lankidetza egitasmoak bideratuko dituzte. 2007rako, zehazki, 1.450.000 euro jarriko dituzte, horietatik milioi bat EPPk, eta gainerakoa Ibarretxe Gobernuak.

Maria AIZPURUA |

 

Max Brisson Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) lehendakariak eta Miren Azkarate Lakuako Kultura sailburuak «his- torikotzat» jo zuten, Baionan, atzo, Lapurdin, Nafarroa Behe- rean eta Zuberoan euskara sustatzeko xedearekin sinatutako lankidetza hitzarmena.

Lehendik «euskararen arloan mugaz gaindiko lankidetza garatzeko» hitzarmenik sinatu izan badute ere, zehazki 2003an, biek ala biek nabarmendu zuten atzokoak baduela berezitasunik. Izan ere, lehen aldiz bi estatuek onartu duten hizkuntza politika publiko eta ofiziala izango du euskarak.

Oniritzi hori adierazteko, prefekturako ordezkari batek hartu zuen parte sinadura ekitaldian. Bertan ziren baita Frantxoa Maitia eta Jean Lissar Akitaniako kontseilariak, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Jose Mari Muñoa lehendakariaren Kanpo Harremanetarako komisionatua.

Hitzarmenak 2010. urtea arteko balioa izango du, eta urtero lan-egitasmoa finkatuko dute. Horiek hala, aurtengoa atzo zehaztu zuten. Hiru alorretan jorratuko dituzte ekimen komunak. Lehenik, Euskal Herriko IV. Inkesta Soziolinguistikoa garatzea, lantzea eta hedatzea. Bigarrenik, euskararen bilakaera jarraitu eta neurtzeko adierazle komunak definitzea eta, azkenik, bi erakundeetako zerbi- tzu teknikoen partaidetza sendotzea.

Bestalde, Ipar Euskal Herrian euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko helburuz, eragile pribatuen eta elkarteen lana finantzatzera zuzendutako diru-funtsa ezartzea erabaki zuten bi erakundeek.

2007rako, zehazki, 1.450.000 euro jarriko dituzte; horietatik milioi bat, EEPk, eta gainerakoa, Autonomia Erkidegoak. Martxoan bertan, euskalgintzan diharduten eragile ororentzat deialdi publikoa egingo dute, egitasmoak aurkez ditzaten.

Max Brissonen ustez, urrats garrantzitsua da horrakoa, «aurrerantzean, EEPk soilik kudeatuko baititu laguntzak, eta hizketakide eta deialdi bakarra izateak eragileei lana izugarri erraztuko dielako». Miren Azkaratek, berriz, «edukiz beteriko» hitzarmena dela esan zuen, eta «aspaldian amestutakoa errealitate» bilakatu dela erantsi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo