GARA > Idatzia > Euskal Herria

Integrazio Batzordeak beste irakaskuntza sistemei bezala lagun diezaiotela eskatu du

2005ean onartu Aukera Berdintasun legearen ondorioz ahalmen urriko haurrei laguntzeko lanpostu berriak sortu dira irakaskuntzan. Seaskak beste sareei bezalako laguntzak ematea eskatzen du.

Idoia ERASO |

«Ez baitira besteak bezalako ikasleak, bainan besteak bezala ikasleak baitira» da Integrazio Batzordeak aurten abiatu duen kanpainaren leloa. Ahalmen urriko ikasleek beste haurrek bezala hezkuntza ikastolan jaso dezaten lan egiten duen batzordeak atzo eman zion hasiera aurtengo kanpainari.

Kanpaina protestaren itzalarekin hasi zen, horregatik komunikabideei zuzenduriko hitzordua Hezkuntza Naziona- laren Baionako ikuskaritzaren aitzinean eman zuen Integrazio Batzordeak. 2005. urtean onartu zen Aurkera Berdintasun legeak ahal urriko haurrak integratzeko eskola publikoei ahalak ematea aurrikusten du. Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Pirinio Atlantikoetako departamenduan hezkuntza pribatu katolikoak laguntza hori jasotzea lortu du. Zortzi lanpostu lortu ditu hezkuntza katolikoak eta Seaskak aldiz bat ere ez.

Lege berriarekin sortu den laguntza postu mota berri batean datza. Eskola Bizitzaren Lanpostua lehenagotik zegoen Eskola Bizitzaren Laguntzailearen ondoan sortu da, baina azken horretan baino prestakuntza urriagoa eskatzen zaio langileari eta kontratua denbora gutxiagorako egiten da. Integrazio Batzordeak lanpostu berri horrek dakarren prekarietatea salatu zuen, bai langileentzat, baita ikasle eta gurasoentzat ere.

Bestalde Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak ahalmen urriko haurrak integratzeko behar dituen ahalen tamaina nabarmendu nahi izan zuen. Eskola Bizitzaren Laguntzaile hiru postu besterik ez ditu Hezkuntza Nazionalak ordaintzen. Hurrengo ikasturtean laguntzarik ez badute jasotzen epaitegian prozedura administratibo bat ezartzea ez du baztertzen Integrazio Batzordeak.

Kanpaina

Ahalmen urriko hamahiru haur daude eskolatuak Seaskaren sarean aurtengo ikasturtean eta horietatik hamarrek laguntzaile baten beharra dute. Estatuak ordaintzen ez dituen zazpi lanpostuen ordaintzeko eta joan den urtean sortu zen koordinatzaile postuarendako diru biltze kanpaina abiatu du Integrazio Batzordeak. Izan ere, orotara 75.000 euro lortu beharko dituzte aurten.

Iazko ekinaldiaren ondoren erabakitakoari jarraiki, aurtengo kanpainan ahal gutxiago ezarriko dituzte. Hau da, bi urtero eginen da kanpaina handia eta aurtengoa bareagoa izanen da, deszentralizatuagoa eta denboran luzeagoa. Bereziki email eta telefono bitartez arituko dira lanean aurten.

75.000 euro
Seaskan ikasten duten ahalmen urriko 13 haurretatik 10ek laguntza berezia behar dute eta Estatuak hiru laguntzaile bakarrik ordaintzen ditu. Lanpostuak ordaindu ahal izateko aurten 75.000 euro behar dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo