REAL Real Madrilen bisita prestatzen ari dira donostiarrak
Garaipen beharra, etsaiaren identitatearen gainetik
Zuri-urdinek borrokan jarraitu nahi badute badakite lehenbailehen irabazi beharra dutela
GARA | DONOSTIA
Profesionalek, beti, garaipenaren bila aritu behar badute ere, batzutan beharra eta premia bateratu egiten dira.
Horixe da Realaren kasua, eta horregatik, donostiarrak hurrengo partidan dute burua, hurrena izango duten etsaiean baino gehiago. Garaipen beharra arerioaren identitatearen gainetik azaltzen da oraingoan, arerio hori Real Madril izanda ere.
«Nahiko atzean gaude eta partida pare bat irabazi behar ditugu berriro borrokan sartzeko», onartu zuen atzo Mikel Aranburuk. «Puntu premia handia daukagu -gehitu zuen Darko Kovacevicek-, ezin dugu aurrean nor dagoen begiratu». Izan ere, hautatzeko aukera izatekotan, ziur aski hobe litzateke etsai zuzena menderatzea. Jokuarekin antzerako zerbait gertatzen da. «Oraindik ez gaude joko polita egiteko moduan -aitortu zuen Kovacevicek ildo horretan-. Gehiago pentsatzen dugu emaitzetan».
Jokoa, hala ere, garranzitsua da, dudarik gabe, bertan hasten baita garaipenera doan bidea. Eta, ildo horretan, donostiarrak baikor agertzen dira, batez ere, Sanchez Pizjuanen jokatutako partida kontuan hartuta. «Europako hoberenen artean dagoen talde bati aurre egin genion», gogorarazi zuen Aranburuk. Horregatik, eta «emaitzak begiratuz, jendea ikaraturik, edo gutxienez, kezkaturik egotea normala» dela onartu arren, azpeitiarrak «itxaropena mantendu» behar dela uste du. «Ezkorrek datu ugari aurkituko dituzte beraien alde, baina guk bukatu arte mantenduko ditugu itxaropena eta borroka».
Eta itxaropen horri argudioak eskaintzeko asmoz, taldea jo eta ke ari da lanean. Atzokoan lan saio luzea izan zuten zuri-urdinek Zubietan eta, gaurkoan berriz, Miguel Angel Lotinak lan espezifikoa egitea erabaki du. Modu horretan, atezainek eta atzelariek, erdilariek eta aurrelariek, entrenamendu desberdinak egingo dituzte.