GARA > Idatzia > Gutunak

Euskal Herriaren parte eta ez aparte: txosnak

Aitzol Gartzia, Eider Saragüeta, Joseba Elduaien, Goizargi Iglesias, Eusko Goñoi, Aritz Lopez, Eneko Miangolarra, Maria Gartzia

Tolosako Txosna Batzordea

Iñauteriak iritsi dira! Eta txosna batzordeak dena prest dauka ondo pasatzeko giro euskaldun eta alternatibo batean.

Tolosan gizarteko arlo desberdinetan lan egiten dugunok karpa eta barra bakar bat jartzea erabaki genuen. Tolosaldeko musika talde desberdinak bultzatu ditugu, urtero haurrentzako programazioa egiten da, lehiaketa desberdinak gauzatzen dira; beti aurrera begira. Eta, nahiz eta oztopoak izan, Tolosako Iñauterietan gero eta jende gehiagok erreferentzia moduan hartzen ditu txosnak. Gauzak ondo egiten diren seinale! Kokapenari dagokionez, udaletxearen desadostasunak, oztopoak, etab. zirela eta, toki desberdinetan egon gara, horrek ondorioztatzen duen guztiarekin. Duela hiru urte lau talde bakarrik zeuden txosna batzordean. Eta gune alternatiboa ez galtzeko, Udalaren oztopoak eta azpijokoa gainditu nahian, irtenbide bat adostu zen Tolosako Udalarekin eta baita Euskal Herri Plazako bizilagunekin ere. Txosnek eta barrakek, txandakatuz, Euskal Herri Plaza erabiliko zutela, hiru urtez behin plaza hutsik geldituta. Gune batetik bestera alde handia dago eta Euskal Herri Plaza egokiena iruditzen zaigu. Tamalez, aurten Aldondigan kokatu gaituzte, Tolosa erdian, festa gunean dagoen Euskal Herri Plaza hutsik utzita. Urteak dira gure denbora eta indarrak Udalarekin eztabaidan xahutzen ditugula. Egoera honekin amaitzeko garaia da, eta gogoratu txosnak Tolosan urte osoan zehar lan egiten duten taldeen sostengua dutela, nahiz eta urteetan diru galerak izan.

Beraz, hauxe da erronka: Txosna gunea Euskal Herri plazan betiko! Denok animatzen zaituztegu txosna guneko antolakuntza eta programazioan parte hartzera eta zuen hitza eta indarrak gurekin batzera. Gozatu eta borrokatu txosna gunea!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo