GARA > Idatzia > Euskal Herria

Errausketaren arriskuez ohartarazi eta alternatibak lantzeko eskatu du ELAk

Agintariek osasunaren eta ingurugiroaren gainetik jartzen dituzte beraien negozio interesak. Horrela adierazi zuten ELAko kideek errausketaren gainean egin duten lana aurkeztean. «Negozioa dago atzean".

Maider EIZMENDI |

ELA sindikatuko Ingurumen sailak errausketaren gaineko txostena plazaratu du, sistema horrek izan ditzakeen arazoak eta dauden alternatibak lantzeko. Janire Dominguez eta Mikel Noval lanaren egileek adierazi zutenez, errausketak ondorio larriak ditu osasunean eta ingurugiroan, eta gisa horretako «kalteak eragiten ez dituzten alternatibak badaude eta hainbat herrietan abian daude».

ELAko kideek esan zutenez, ordea, agintari politikoek errausketa plantaren eta zabortegien dikotomia planteatzen dute aukera gisa, «zaborren sortzearen eta horiek tratatzeko alternatiben inguruko eztabaida alboratuta».

Industria hondakinak

Hain justu ere, sindikatuko kideek aditzera eman zutenez, zabor kopuruak gora egin du azken urteetan. Hala, arabarrek, bizkaitarrek eta gipuzkoarrek 2.000 urtean batez beste 526 kilo hondakin sortu bazituzten, 33 kilo gehiago sortu zituzten lau urte beranduago, 559 kilo urteko eta pertsonako alegia.

Datua aipagarria izan arren, ELAko kideek industriak sortzen dituen hondakinetan erreparatu nahi izan zuten, batez ere arriskutsuetan. «Hiri hondakinetan jarri dute arreta, eta ez industria hondakinetan, arlo horretan ere tratamendurako inolako plangintzarik ez badago ere». Hori horrela, ELAren esanetan, guztiaren atzean negozioa dago, «eta honetan interesa osasunaren eta ingurugiroaren gainetik jartzen da».

Sindikatuaren esanetan, aurrera eramaten diren politikek hiri eta industria hondakinen minimizazioa lortu behar dute. Bide horretan, zaborren bilketa selektiboa, konpostajea, berrerabilpena eta birziklapena proposatu zituzten, bai eta hondakinak murrizteko sentsibilizazio kanpainak abiaraztea ere. «Azken batean errausketak ez ditu hondakinak suntsitzen, eraldatu egiten ditu. Gainera, kutsatzailea, iraunkorra eta toxikoa den produktua sortzen du».

Alternatibei dagokionez, egindako lanean adibide gisa aipatzen dituzte hainbat hiri eta estatutan abiatutako alternatibak. «Baina ez dago hain urrutira joan beharrik, Araban eta Nafarroan ez da errausketa alternatiba gisa hartzen», gogorarazi zuten.

ELAko kideek zementu enpresak errauste planta gisa ibiltzeko saialdiak ote dauden susmoak dituztela azaldu zuten. «Gero eta handiagoa da errausketaren aurkako jarrera eta hori dela-eta, errusketaren aurkako plataformak osatzen ditugun taldeen susmoa da egun ere errausketarako elementu diren zementu enpresek beren jarduna zabalduko dutela, errauste plantak jartzeko izango dituzten zailtasunak direla medio», azaldu zuen ELAko Donostiako Arduradun Xabier Perezek.

Ildo horretan, gogora ekartzekoa da Ekologistak Martxan taldeak Donostiako Añorgako Rezola enpresaren harira egindako salaketa. Talde ekologistak salatu zuenez, enpresa horrek erregai gisa «hondakin arriskutsuak» erabiltzeko bahimena eskatu dio Lakuari, «modu ezkutuan errauste planta bat eraikitzeko» . M.E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo