MEDITERRANEO
Astarloak sasoiari ekingo dio Milrameko elastikoa estreinatuz
U.I. | BILBO
Igor Astarloak (Milram) aurreneko kilometroak beteko ditu gaur hasi eta igandera arte Mediterraneoko Tourrean. Taldekako erlojupekoarekin hasiko da sei etapako itzulia eta Mont Faronek erabakiko du irabazlea.
Astarloa Milramen liderra izango da itzuli frantsesean. David Lopez da bigarren euskalduna, Caisse d'Epargne taldean. Hamilton (Tinkoff), Garzelli (Acqua), Bennati (Lampre), Gutierrez (Caisse) edo Bertagnolli (Liquigas) dira beste izen nabarmenak.
Gaur bi saio izango dira, taldekako erlojupekoa goizean eta etapa laua arratsaldean. Oro har, lasterketa gorabeheratsua da eta urtero bezalaxe Mont Faron gaina izango da epaile, ostiralean.