GARA > Idatzia > Mendia

eskalada Neguko igoerak

Alpeak neguan Bonattiren urratsen atzetik

Bi euskal alpinista tartean direla, Walter Bonatti italiarraren bi bide igo ditu neguan «Al filo de lo imposible" telebista saioko talde batek: bide bat Capucin Handian eta bestea Freneyko Erdiko Pilarean.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Garai hauetan Walter Bonattiri buruz hitz egiten hasteak ez duela merezi esango dute askok, eta uste dugu arrazoi osoa dutela. Alpinismoaren historian zehar makina bat jarduera idatzi ditu urrezko letrekin. Nahiz eta denborak aurrera egin duen, italiarraren sinadurek oraindik erakargarritasun handia dute. Hori gertatu zaie «Al filo de lo imposible» telebista saioaren arduradunei. Bonattik eginiko ekarpenei garrantzia eman nahi izan diete eta, horretarako, lau alpinista bidali dituzte italiarrak zabaldutako bi bide igotzeko, hori bai, neguan.

Lehenengoa, Capucin Handiaren ekialdeko aurpegian Ghigorekin zabaldutakoa. Bigarrena, berriz, Freneyko Erdiko Pilarean Zanellirekin sinatutakoa. Bi marra historiko horiek igo ahal izateko lau alpinista aukeratu zituzten: Silvia Vidal, Ferran Latorre, Jose Carlos Tamayo eta Mikel Zabalza. Kataluniako zein Euskal Herriko bina protagonista. Jakina, telebista saio horren helburu nagusia irudiak hartzea da, baina inoiz ez dio muzin egin izan beste helburuari: tontorra lortzeari. Eta, ezbairik gabe, biak ala biak erdietsi ditu. Jarduerei dagokienez, biek ala biek beste azterketa bat behar dute. Izan ere, neguan igo dira. Eta harrigarria bada ere, mende erdi bat baino gehiago pasatu bada ere, neguan eginiko igoera bakanetakoak izan dira; Estatu espainoleko alpinistei dagokienez, bederen, lehenengoak izan dira hori lortzen.

Zabalzak berak baieztatu digu esandakoa: «Ez dira bide luzeak eta, gainera, arroka da nagusi. Baina, bai, oso gutxi dira neguan bi bide horiek igo dituztenak. Capucokoan Lafaille eta besteren bat ibilitakoak dira. Freneyn, berriz, Desmaison, japoniarrak... eta kito».

Abenduan egin diren eskaladak ditugu. Lehenengo bidea, irakurleak jakingo duenez, Capucin Handiaren ekialdeko isurialdean dagoen marra klasikoa da. Horrek esan nahi du, batez ere udaran, milaka igoera izan dituela. ED zailtasuna du eta 450 metroko hormatzarra gainditu behar da. Baina, aipatu dugun legez, gure gaurko protagonistek neguan igo dute, eta bide horrek, alpinista iruindarrak baieztatu digun bezala, beste aurpegi bat erakutsi die: «Bi sokadetan banatu ginen. Ni Latorrerekin lotu nintzen. Hurbilketa bidea gogorra egin zitzaigun, eskiekin eta guzti egin behar izan genuen. Horrez gainera, eguraldiak ez zuen batere lagundu. Haize bolada bortitzak zein hotz handia jasan behar izan genituen. Gailurrean, adibidez, haizearen indarra 100 kilometro ordukoa zen, eta tenperatura zero azpitik 15º gradukoa. Nahiz eta bide klasikoa izan, jakina, ezin izan genuen bide osoa era askean igo; artifizialari behin eta berriz ekin genion. Horrez gainera, bidean zehar zeuden makina bat iltze eskuekin ateratzen ziren. Hori dela eta, arreta handiz eskalatu behar izan genuen. Espero genuen bezala, izozguneak zeuden eta elurrez betetako helduleku asko garbitu behar izan genituen. Inolako zalantzarik gabe, asko sufritu genuen; bigarren jardueran baino askoz ere gehiago. Haize bortitzak eta hotzak ez zuten atsedenik ematen».

Bonattiren lehenengo bidea 1923an igo zuten, egun bakarreko jardunean. Bigarrenean, aldiz, gogorragoa zenez -teknikoki ez, baizik eta jarduten den alderdiagatik-, denbora gehiago pasa behar izan zuten. Freneyko Erdiko Pilarea basatia da, Alpeetan eskalatzeko dauden eremu isolatuenetariko batean baitago. Bidea, berez, 500 metrokoa da (MD+), eta 4.000 eta 4.500 metro bitarteko garaieran eskalatzen da.

Zabalzak aipatu digunez, bibak batekin igo zuten: «Capucoko bidearekin alderatuta, Freneykoak asko eskatzen dizu. Hala ere, kondizioekin ez genuen larri pasatu. Apenas zebilen haizerik, eta horrek dena esaten du. Hori dela eta, zero azpitik 18º gradu egiten bazuen ere, hotza ez zen barnean sartzen. Hala ere, marra honek asko eskatzen du. Abenduaren amaieran eskalatu genuen, 27 eta 28an. Bibaka Chandellen egin genuen. Bideak, berez, gehiago bete ninduen. Batetik, oso ederra delako; bestetik, zirraragarria delako; eta, azkenik, historia handia duen bidea delako».

Urtearen amaierarekin batera bukatu ziren alpinista hauen bi jarduera gogor zein bikainak. Batez ere neguan igo dituztelako, eta neguan eginiko igoera bakanetakoak direlako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo