IRAUPEN ESKIA Somport
Donostia saria Iraupen eskiko herri lasterketa arrakastatsua
Somporten jokatutako lehenengo ekitaldian ia 200 lagunek hartu zuten parte. Lau mailatan banatu zuten proba, eta giroa zein antolaketa lanak bikainak izan ziren.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Jakina denez, Euskal Herrian iraupen eskiak zale asko ditu baina, hala ere, hemengo taldeek antolatzen dituzten probek ia ez dute islarik. Izan ere, zaila baino zailagoa izaten da halako lasterketa baten deialdia ikustea. Guk dakigunez, behintzat, orain arte hitzordu bat soilik izan da: Abodin eginiko Oripean lasterketa. Egin, egin zen, baina ez zuen oihartzun handirik izan. Orain, berriz, bigarren hitzordu bat izan berri dugu. Gipuzkoako hiriburuko Vasco de Camping elkarteak urrats bat egin nahi izan du eta, horretarako, pasa den igandean Donostia Saria antolatu zuen Somporten (Estatu frantziarra). Probaren arduradunek azpimarratu dutenez, asmoa aspaldikoa da, baina orain arte ezin izan dute aurrera eraman: «Geure elkartean iraupen eskiko zale asko dago. Hori dela eta, bere garaian talde bat sortu genuen, eta urteak daramatzagu proba batera eta bestera joaten. Gainera, ohartu gara hemengo iraupen eskiko federazioak ez duela lasterketa bat bera ere antolatu, eta guk horren aldeko apustua egin dugu. Gazteekin makina bat irteera egin ditugu, eta bazen ordua herri lasterketa bat antolatzeko».
Pasa den igandean Somporten jokatutakoak izaera hori zuen, horixe baitzen donostiarren asmo nagusia. Jakin bazekiten proba hauek nola atontzen diren, baina zezenari adarretik beraiek hartzea erabaki zuten. Horrela bada, Huesca zein Katalunian egiten diren deialdiei hemengo bat gehitu zaie. Oro har, Vasco de Camping elkartekoek lan eskerga egin behar izan dute antolaketa lanetan. Eta, inolako zalantzarik gabe, esfortzu hori erabat biribildu dute. Hori da, bederen, parte-hartzaile askok adierazi nahi izan dutena: «Lehenbiziko aldia izateko, bada akatsen bat edo beste espero genuen, baina ez da horrela izan; antolatzaileek 10 bat merezi dute, den-dena primeran atera delako». Donostiako elkartekoak ere iritzi berekoak dira: «Beldur handia genuen, baina ondo atera zaigu; pozarren gaude».
Eguraldiari zein elurraren kondizioei dagokienez, «zortea» izan dutela ezin dugu ukatu, iganderako, proba egunerako, euria iragarri zutelako. Astean zehar botatako elurrak asko lagundu zuen, eta tenperatura ere bikaina izan zuten: 4 gradu. Eta zortea diogu, besteak beste, Marxa Beret bezalako proba entzutetsu bat bertan behera utzi behar izan dutelako elur eskasiaren ondorioz. Donostia Sariak, berriz, elur geruza ederra izan zuen eta haren kalitatea nahiko ona izan zen. Azkenean, ez zuen euririk egin eta eguerdirako eguzkia agertu zen.
Parte hartze handia
Festa handi hori biribiltzeko parte hartzaileen kopurua aipatu behar dugu. Guztira, 191 eskiatzailek jardun zuten, lau mailatan banatuta (neskak zein mutilak): hogei, hamar, hiru eta 1,5 kilometro. Arrakastatsua kopurua zein parte-hartzaile askoren maila. Han ziren, besteak beste, olinpiadetan izaniko hainbat eskiatzaile. Euskal Herrikoez gainera, Huesca eta Kataluniakoek ez zuten hitzordu hau galdu nahi izan; argentinar bat ere han zen. Donostia Saria, berez, irekia zen, baina bazkideei garrantzia eman nahi izan zieten eta haientzat ere sailkapena antolatu zuten. Guk, espazio arazoak tarteko, lehenbizikoak aipatuko ditugu.
Hogei kilometroko proban bi olinpistek irabazi zuten: Mariona Aubertek eta Diego Ruizek. Bigarren postuan Isabel Dumal eta Javier Llera sailkatu ziren, eta hirugarrenean, Izaskun Martinez eta Jose Ramon Navarro. Hamar kilometrokoan, bestalde, bi euskal eskiatzaile nagusitu ziren: Maialen Lopez eta Erlantz Gonzalez. Maria Rivero eta Oier Goñi bigarrenak izan ziren, eta Mara Babiglia eta Jairo Vincelle hirugarrenak.
Oihane Garmendia eta Iñaki Aldanondok hiru kilometroko proba irabazi zuten. Haien atzetik Amaia Huerta eta Carlos Rapun geratu ziren; hirugarren postuan, berriz, Miren Aznarez eta Adrian Clabero. Eta gazteenek 1,5 kilometrokoan jardun zuten. Proba horretan onenak Pilar Prado eta Xabier Macias izan ziren. Podiumaren bigarren tokian Nora Royo eta Jabier Guibert sailkatu ziren. Eta hirugarrenean, Henar Etxeberria eta Iñigo Matxain.