Bilbao Basket-Bruesa GBCren arteko derbia
Bruesa GBC «bere ligako" finala prestatzen ari da
David Doblas kapitainaren iritziz, Mulaomerovic talde dinamikan sartzen bada «ongi etorria" izango da
GARA | DONOSTIA
Bruesa GBC, Kopako etenaren ostean, Bilbao Basketen aurkako partida prestatzen ari da buru-belarri.
Bruesa GBCko kapitain David Doblasek Bilbao Basketen aurka «etxeko lanak ongi» egin beharko dituela adierazi zuen atzo. Baita larunbat gauean talde biek La Casillan jokatuko duten derbian «nola hala» irabazi beharra dutela ere. Bestalde, halako neurketa batek «gehiago motibatzen» duela aitortu zuen Doblasek. Partida «Murtziaren aurkako partidaz geroztik jokatu behar dugun bigarren finala» bezala ikusten du, izan ere, «Bilbao basket gure ligako taldea da».
La Casillako giroa «arras beroa» izango dela iritzi zion eta, beraz, oso aurkari konplikatua iruditu zitzaion Vidorretaren taldea. Gainera, donostiarrek ez dute etxetik kanpo irabazi Bartzelonan garaipena eskuratu zutenetik. «Bilbotarrak La Casillan eraldatu egiten dira», esan zuen. «Bilbon urte batzuk daramatzaten jokalariak hazi egiten dira La Casillan jokatzen dutenean», aipatu zuen Doblasek.
«Testa» Mulaomerovici
Damir Mulaomerovicen fitxaketari buruz galdeginda, donostiarren kapitainak nolabaiteko egonezina azaldu zuen eta, ohiko konbentzioak albo batera utzita, bere erantzuna harrigarria izan zen.
«Fitxatze batek aldaketa suposatzen du eta, beraz, taldea «deseroso» sentiarazten du, ez baitakigu zein tenoretan datorren. Taldeak «testa» pasako dio, beraz. Talde dinamika apurtzera ez badator, ongi etorria izango da. Bestela, ez du gauza onik aterako», adierazi zuen.
Bestalde, Ricardo Uriz Bilbao Basketeko jokalari ohia da eta, hori dela-eta, larunbateko partida «berezia» izanen dela aitortu zuen atzoko prentsaurrekoan.
«Iaz LEB ligan jokatzen genuenez, aurtengoa izango da La Casillara egiten dudan itzulera. Bi urte oso onak igaro nituen Bilbon, eta ziur nago bertan jokatzea oso ederra izango dela niretzat», esan zuen.
Partidari buruz, aldiz, bizkaitarrak «beren etxean oso etsai gogorrak» direla aitortu zuen «jendea ere gainean egoten baita». «Hasierako minutuak klabeak izango» direla ere gogoratu zuen antolatzaile nafarrak.