Normalizazioarako asko falta da Azpeitian ere
Mikel Arregi
Azpeitiko Uztarria Kultur Koordinakundea
Kontseiluak egindako Udalerrien Hizkuntza Politikaren neurketaren emaitzetako bat neurketako 66 udaletatik Azpeitia lehen postuan dagoela izan da.
Baina ez gaitezen engaina: Azpeitiari ere asko falta zaio oraindik euskararen normalizazio egoerara iristeko. Puntuaziorik altuena (6,82) lortu du, baina, hala ere, ez da iristen Udalak euskara lehenesten duela esateko gutxienez beharko liratekeen 7 puntura. Halaber, Azpeitiaren egoera soziolinguistikotik oso urrun dago oraindik. Beraz, oraindik asko dago egiteko.
Uztarria Kultur Koordinakundearen ustez, Udal Neurketaren balio nagusia ez datza beste herriekiko konparazioan. Norbere herriko euskararen normalizaziorako bidean pausoak emateko tresna neurgarri bat izatea da bere funtzionalitate nagusia. Neurketa egin den lehenengo aldia denez, berez ezin dugu jakin azkeneko urteetan egoera hobetu den ala ez. Dena den, inpresio orokorraren arabera, gaur orain dela urte batzuk baino egoera hobean gaude: normalizazio planak ditugu, euskalgintza egituratu bat, Udal Euskara Patronatua...
Baina kontua ez da hori. Kontua da hemendik lau urtera berriro azterketa egiten denean, oraindik eta hobeto egon behar dugula. Eta horretarako, dagoeneko ez da nahikoa izango corpus juridiko egokia izatea, baliabide asko bideratzea euskararen normalizaziora, edo euskararen egoera orokorra ona izatea. Egoera soziolinguistikoak eskatzen duen puntuaziora iristeko askoz gehiago beharko dugu.
Azpeitian euskararen ezagutza tasa handia da: %90 ingurukoa. Baina ezin gara babestu Azpeitiko egoera «pribilegiatuan». Aurrera egiten ez bada, atzeraka egiteko arriskua izango dugu.
Eta aurrera egiteko, arloz arlo konpromisoak hartzen hastea beharrezkoa da. Azpeitian euskara normalizatuko bada, jendea konpromisoak hartzera animatu behar dugu. Enpresek, dendek, anbulatorioak, epaitegiak, udaletxeko kide eta langile orok, norbanakook... euskararen aldeko konpromisoak hartu behar ditugu. Euskaraz bizitzeak kalitate keinu bat suposatzen duela sinistu behar dugu.
Euskararen normalizazioan lanean ari garenok erantzukizun handia dugu. Beraz, nola ez, erakunde publikoek ere bai. Eragile ezberdinak euskararen aldeko pausoak ematera bultzatu behar ditugu, etengabe animatuz eta zirikatuz. Ezin gara mugatu zerbitzu eskaintza hutsera.