Ustelandiako berririk jakin nahi?
Mikel Aramendi
Kazetaria
Estatu espainoleko hedabideetan argitaratzen dena hartzaileen interesaren isla zuzena dela pentsatuko bagenu, ezetz erantzun beharko litzaioke goiburuko galderari, eta kitto. Baina, aldi berean, Mauritaniako Nouadhiboun gertatzen ari denari eskaintzen zaion arreta ikusita, pitzatu egiten zait ezkortasuna: horren «laburrak» badira iparralderantz Nouadhibou- tik Kanarietarainoko mila kilometroak, zergatik izan behar dute hain «luzeak» Mauritaniatik Conakryrainoko mila horiek, han gertatzen dena Martitzeko kontua balitz bezala zokoratzeko?
Izan ere, Ustelandia munduko hainbat lekutan izanda ere, gure Ustelandiarik auzotarrena Ginea da. Iazko urtean, Transparency International erakundearen rankingaren arabera, Ginea zen ustelkeriarik gehieneko herrialdea Afrikan. Haiti beste parekorik ez zuen mundu osoan.
Bada, iragan astelehenetik, gerra legearen pean dago hamar milioi biztanle (18 urtez azpikoak erdietatik gora) dituen Afrika Mendebaldeko herrialde hori. Urtarrilaren 10az geroztik greba orokorra dago, batez ere Conakry hiriburuan (2 milioi biztanle), ustelkeriaren akabera eskatzeko (auzipetuta zeuden bi kargudun, Banketxe Zentraleko zuzendaria bat, askarazi egin baititu lehendakariak) hasiera batean. Baina hilabete honetan jasandako errepresio bortitzaren ondoren (asko omen poliziek eta militarrek tiroka hildakoak), gorago jo behar izan dute eskakizunek: 1984az geroztik lehendakaria den Lansana Conte agintetik botatzea da helburua orain. Bere kabuz joateko batere asmorik ez baitzaio igartzen: diabete larria eduki arren, lehendakariaren agintealdiak mugatzen zituen arau konstituzionala aldarazi du arestian.
Irakinaldi politiko honen atzean ia betikoa dago. Nazioarteko Moneta Funtsaren errezeten pintxerik saiatuena izan da L. Conte iragan hogei urteotan. Emaitza: Afrika Mendebaldeko herrialderik aberatsena izan behar lukeena (nekazaritzarako baldintza oso onak ditu eta munduko aluminio ekoizle nagusienetakoa da, adibidez), Giza Garapenaren Indizearen araberako rankingaren azken postuetan dago, eta ginear bakoitza doi-doi iristen da eguneko dolar bat irabaztera. Errematerako, iazko urtean inflazioa %250 ingurukoa izan da.
Gerra zibilaren atarian dagoela Ginea diote adituek. Auzo dituen Liberian eta Sierra Leonan pasa den hamarkadan gertatu bezala. «Eta guri zer!» esan ote dezakegu horren gertu gaudenean?