GARA > Idatzia > Euskal Herria

Legegintzaldi gatazkatsua atzean utzi eta aurrera begira jarri nahi du uema-k

UEMAk legegintzaldi gorabeheratsua izan du honakoa: besteren artean, ezker abertzaleak mankomunitatea lozorroan jartzea leporatu dio EAJri, eta auzitegiek atzera bota dituzte bertako kide izateko Ondarroak eta Lekeitiok hartutako erabakiak. UEMAren oraina eta geroa dago jokoan.

Mikel JAUREGI

Aurreko udal hauteskundeetan auzitegi espainolek gauzatutako ilegalizazioaren ondorioak Udalerri Euskaldunen Mankomunitate

an ere sentitu dira. Ez da ezker abertzaleak bakarrik egiten duen irakurketa; Kontxi Gabantxo, UEMAko presidente hautatu berria eta Bermeoko EAko zinegotzia, horren jakitun da. Horrexegatik, maiatzeko hauteskundeei begira desio bat plazaratu du: «Indar politiko guztiek aurkezteko aukera izan dezatela. Horixe nahi dut. Eta ez dut UEMAren hobebeharrez bakarrik esaten, gogoeta orokorrago bategatik baino».

Otsailaren 3ko Batzar Nagusian aukeratu zuten Gabantxo mankomunitateko lehendakari. Maiatzeko hauteskunde hitzorduan jarria du begirada, baina aurretik badagoela zereginik aitortu du. UEMAren estatutuak gaurkotzea bilakatu ei da erronka nagusia, «epaitegietatik datozen erasoei aurre egitearren. Ebazpen judizial horiek esaten dute mankomunitateek zerbitzuak eskaini behar dituztela, eta euskara ez dela zerbitzua. Estatutuak aldatuta, euskara sustatu eta garatzeko zerbitzua eskaintzen dugula azaldu nahi dugu, eta kultur zerbitzua ere ematen dugula. Hori onartuko dute epaitegiek».

Ezker abertzalea bat dator proposamenarekin, Ondarroako eta Lekeitioko udalei gertatutakoa saihesteko bada. Hala ere, jazarpenak bestelako erantzun bat merezi zuela ere uste du. «Eta ez du egin, eta kaltetutako bi udalek ere ez. Salaketa argia egitea nahi genuen, euskarak babes juridiko nahikorik ez daukala esatea», agertu du Aulestiko alkate eta Batasunak UEMAko lehendakaritzarako proposatutako hautagai Jon Bollarrek.

EAJren «arduragabekeria»

EAJk lau urteotan mantendutako jarrerarekin da kexu Bollar. «Arduragabea izan da. Dagokion erantzukizunik ez du hartu», nabarmendu dio egunkari honi. Era berean, UEMAko bi batzar quorum faltagatik bertan behera utzi behar izana ere jeltzaleen errua izan dela salatu du, «haiek baitute ordezkaritza handiena».

Beste bi «gertakari larri» izan direla ere gaineratu du: «Batetik, apartheidaren eraginez, ezker abertzaleko jendeari ukatu egin zaio erabakietan parte hartzea. Eta bestetik, atzerapausoak gertatu dira udalerrietan; EAJk alkatetzak hartutako hainbat herritan elebitan funtzionatzen hasi dira, lehen euskaraz egiten zenean».

Gabantxo ez dator bat azken horrekin. «Euskaraz bizi behar dugula esaten dugu, baina horretarako baliabideak behar dira udaletan. Herritar batek zeozer gaztelaniaz eskatzen badu errespetatu beharra daukagu. Udalerri euskaldunetan euskara lehenestea normala da, baina ezin dugu beste hizkuntza baztertu. Biak dira gureak».

«Erraza da errua auzokoari botatzea, komunikabideetan kritikak egitea, kontra egitea... Denok dugu gaizki egindakoaren errua- ren partea, gure errutxoa. Batzen gaituenaren gainean lan egin eta alboratzen gaituena bazterrean utzi behar dugu», esan du, eta honako galdera bota: «Batzuk UEMA desaktibatzen saiatu baldin badira, ezker abertzaleak EAJri leporatzen dionaren arabera, zergatik ez dira besteak aktibatzen saiatu?».

Aulestiko alkateak begi onez ikusi du Gabantxoren elkarlanerako deia. «Benetan esaten badu, ezker abertzalearen eskua luze-luze dauka, lanerako prest. Guk benetan sines- ten dugu UEMAn eta bere zereginean; haiek ez dakit sinesten duten edota UEMA zer den badakiten. Pilota beren teilatuan dago, borondatea erakutsi behar dute. Adibidez, otsailaren 3ko batzarraz geroztik ez da zuzendaritza batzordea bildu. Zergatik?». Bollarrek berak erantzun dio galderari: «Legegintzaldia amaitu bitartean, UEMAk orain arteko pasibotasunean jarrai dezan nahi du EAk. Guk ez; maiatzean sartuko diren hautetsiei bidea eginda utzi nahi diegu, plangintza bat osatu nahi dugu `non arraio sartu naiz?' pentsa ez dezaten. Astintze lana egitera goaz UEMA hiltzen utz ez dezaten».

Plangintza horrek mankomunitatearen helburuei erantzun behar diela azaldu du, «udalerri euskaldunetan bizitza soziala euskaraz egitea, euskara nagusi den lurgunea osatzea eta udalerri horien garapen sozioekonomiko eta soziokulturala jorratzea». Horretarako bidea euskalgintzako eragileekin elkarlana sustatzea, indar abertzaleekin «euskararen aldeko konpromisoa berrestea» eta UEMAn udalerri gehiago sar daitezen plangintza osatzea dela uste du. «Guk sinesten dugu, eta egin daiteke. Baina besteek?».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo