GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Info7-k urtebetean emandako pausoak sendotze bidean dira

Urtebete igaro da Info7 irratiak sareko lehenengo emanaldiak hasi zituenetik. 360 egun hauek ikuspuntu ezberdineko saioak, 40 kolaboratzailetik gora eta irrati libreen bidezko FMrako jauzi apala utzi dituzte. Etorkizunari begira, apustua indartzea da erronka.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Info7 irratiak ez du FMn emititzeko baimenik, ezta enpresa erraldoien diru-iturririk bere eskaintza finantzatzeko. Horren trukean, herrigintzan eta elkarlanean oinarritutako sarea dute eta, euren gabezien jakitun badira ere, Info7-k Interneten argia ikusi zuenetik egindako aurrerapausoak etorkizun oparoaren seinale dinenaren ziurtasuna dute.

Ibilbide horretan, irratia kalera ateratzea bera izan da urratsa, hala nola, egunero irratigintzan diharduen lantaldea osatzea, eragileekiko hartu-emanak eta 40 kolaboratzailetik gora izatea edota Arrosa sareko kideen laguntza. Baina, herrigintzatik jaiotzen diren hedabideek izaten duten erronka nagusietako bat FMrako jauzia da eta, Info7-ren kasuan, elkarlanaren bidezko pauso apala gauzatu da. Izan ere, Estatu frantsesean FMrako kontzesioak irrati komertzial handiei banatu zaizkie, eta Estatu espainolean eskaerak bideratu eta etorkizun hurbilean egingo den kontzesio banaketaren zain daude. Hala ere, Euskal Herriko zenbait puntutan Info7-ren uhinak FMn zehar barreiatu dira irrati libreen lanari esker, seinalea Internetetik hartu eta airean jarri baitute.

Azti Begia elkarteko Iñaki Altunaren hitzetan, «nola edo hala uhina ateratzen ari gara, baina gure helburua normaltasun osoz egitea da, baimen guztiekin alegia».

Urtebete honetan entzule kopurua etengabe hazi da eta goizeko magazineak eta eguerdiko albistegiek entzutea lortu dute, entzuleek bestelako informazio-ereduari ematen dioten garrantziaren adierazle.

Arrosa sareko kide den aldetik, Info7-k elkarlanean eta programen elkartrukean oinarritutako lankidetza darama aurrera eta Altunak hor ikusten du euskal irratien etorkizuna: «Irrati edo elkarte bakoitzak bere izaera izan arren, elkarrekin konpartitu daitezkeen gauzak daude eta, baliabide mugatuak ditugunontzat hori berebizikoa da».

Etapa berri honetan harpidetza kanpaina jarri dute abian: «Proiektu erakargarria egin, maila ona eman eta etorkizuna izan arren, bolumena eman behar diogu proiektuari, gutxieneko behar ekonomikoei aurre egin eta oinarri sozial zabala lortzeko».

Harpidedun kopurua 4.000ra igotzea da helburua -harpidetza hilean 7 eurokoa da-. Etorkizunean, lagun horien parte hartze zuzena bideratzeko bitartekoak jarriko direla aurreratu du Altunak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo