Txikiek bat egin dute erraldoiei mugak ipintzeko
Merkatari txikien elkarteek Bizkaidendak osatu dute Bizkaian, Dendartean dago Gipuzkoan, eta Araban ere berea eratu behar dute Euskaldendak osatu ahal izateko. Merkataritzagune handien neurrigabeko hedapenari mugak ipintzeko eskatzen dute.
Nerea GOTI
Administrazioak merkataritzagune handien zabalkundeari mugak ipini behar dizkiola uste dute merkatari elkarteek. Bizkaian eta Gipuzkoan federazioak osatu dituzte, eta Araban ere bat eratzeko helburua dute. Indarrak metatu nahi dituzte Gasteizko Gobernuaren dekretuaren aurrean, eta beraien interesen defentsa baino askoz gehiago suposatzen duen borroka bati aurre egiteko.
Bizkaian pasa den igandean osatu zuten Bizkaidendak. Egitasmo horren bultzatzaileek azaldu dutenez, Bizkaiko dendari elkarteen federazioa eratu nahi dute. Zer berrikuntza dakar proiektu berri horrek dagoeneko martxan dauden beste batzuekin alderatuta? «Federazio independientea» osatu nahi izan dutela. Azaldu digutenez, dendarien federazioak egon badaude, baina lotura dute Administrazioarekin. Proiektu berriarekin erakunde independentea eratu nahi izan dute.
Igandean sortutako federazioak mila kide inguru biltzen ditu dagoeneko. Durango, Basauri, Mungia, Zornotza, Arratia, Lekeitio eta Erandioko Astrabudua auzoko dendari elkarteak, edota Bermeoko arrain eta izoztuen xehekakoen elkarteak daude lehenengo urratsa eman dutenen artean. Horien atzetik, beste asko etortzea espero dute. Izan ere, Kartxabik, Bizkaiko txarkuteroak eta harakinak biltzen dituen elkarteak, interesa adierazi du dagoeneko, eta aukera bera aztertzen ari dira Ondarruko Zatozte elkartea, Ermukoa edota Urduñakoa. Ezkerraldean, dagoeneko, badago bide bera jorratzen duen Ezkerraldendak izeneko federazioa.
Momentuz, merkatarien indar metaketa Bizkaira, Arabara eta Gipuzkoara mugatuko da. Izan ere, hiru herrialdeak administrazio beraren agindupean daude, eta hirurak Lakuako Exekutiboak ezarritako dendarien dekretupean izanik, arazo berdinak dituzte.
Bizkaidendak-eko arduradunek azaldu dutenez, federazioen proiektua landuago dago Gipuzkoan. Bertan, Dendartean izeneko erakundea ari da lanean, eta bere erronken artean herrietako periferietan gertatzen ari den merkataritzagune handien hedapen etengabeari aurre egitea dago. Hori ez da elkartearen zeregin bakarra, baina bai garratzitsuetako bat.
Arlo horretaz arduratzen den Amador Biteri zuzendaritzako ordezkariak horrela adierazi digu gaiak hartu duen garrantzia: «Ez da batere normala azken boladan merkataritzagune handien onurarako udalerri guztietan zoruak berriz kalifikatzen aritzea».
Araban, berriz, herrialdeko federazioa osatzeke dago, baina dagoeneko kontaktuan jarri dira Laudioko, Amurrioko, Aguraingo eta Gasteizko dendariekin. Biterik argitu duenez, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako merkatarien federazioak bildu nahi dituzte «Euskaldendak izeneko Euskadiko federazio batean». Izan ere, hiru herrialde horiek Lakuako Gobernuak urtarriletik indarrean duen merkararitzagune handien zabalkundea kudeatzeko dekretupean daude.
Nafarroan, bestalde, momentuz ez dago horrelako proiekturik. Hori bai, Unzu edota Alonso bezalako tradizio handiko firmen itxiera merkataritzagune handien agerpenarekin lotzen du askok.
Bizkaidendak lanean dago jada. «Orain arte hondeatzeko makinak ikusten genituenean hasten ginen mugitzen, orain arau subsidioarioen aldaketa eskatzen den bakoitzean udaletara jotzen dugu zertarako den jakiteko», azaldu digu Zelaiak. Dioenez, mehatxu ugari daude Bizkaia osoan zehar: Iurretan 60.000 metro kuadroko eremua hirugarren sektorerako erabiltzea aurreikusten da, Zornotzan lur batzuk berriz kalifikatzeko eskatu dute, eta Igorren saihesbidearen proiektuarekin batera 800 etxebizitza berri eta merkaritzagune handi bat egitea proposatzen da. «Beraz, Igorreren ondoan beste herri bat egin nahi dute», dio Zelaiak.
«Arazoa ez da bakarrik txikien eta handien arteko borroka, hori baino gehiago kezkatzen gaitu bultzatzen ari den neurrigabeko hirigintza hazkundeak», azaldu du Zelaiak. Dioenez, talde ekologistekin eta alderdi politikoetako ordezkariekin biltzen ari dira azken boladan, Gasteizko Gobernuak eta udal gehienek bultzatutako ereduak herrien heriotza ekarriko duelako, «basamortuak bilakatuko dituzte». Ildo bereko joerak jasan dituzte Estatu frantsesean eta Alemanian azken urteetan, eta orain, eredu horrek eragindako ondorio txarrak ikusita, eredua guztiz baztertu dute.
Zelaiak nabarmendu duenez, egun dagoen politikak herrien desertifikazioa dakar. Ez hori bakarrik, Bizkaidendak federazioko arduradunak hurrengoa ere gaineratu du: «Interes espekulatiboak ikusi ditugu hainbat kasutan». Ildo horretan, lur eremuen kalifikazio askoren atzean interes argiak daudela salatu du: «Behin zoruen kalifikazioa lortuta, eraikitzeko saltzen dituzte kasu askotan».
Udalez udal arauen aldaketen bila
Gipuzkoako errealitatea Bizkaikoa bezain gordina da. «Garbera edo Urbil bezalako merakaritzaguneak egin zirenean, baliorik gabeko periferiako zoruak aukeratu zituzten. Ostean, horiek berriz kalifikatu zituzten. Gainera, diru publikoa izan zuten sarbideak egokitzeko. Hori bai, janari dendek osatutako gunea eraiki eta gero, gainontzekoa saldu egin zuten», azaldu dute elkarteko kideek.
Hala ere, herrialde horretan «kasurik gordinena» Arrasaten kokatu dute. Bertan, Zabaleta proiektua dago, «komunikazio ezin hobeak dituen 27.000 metro koadroko lur eremuan merkataritzarako eta aisialdirako gune erraldoia egin nahi dute», azaldu du Biterik. Hurrengoa ere gehitu du, «bitxia da duela urte batzuk lur eremu bera baztertu izana eskualdeko ospitalea eraikitzeko».
Dendartean-ek alegazioak aurkeztu ditu Bergaran, Legazpin, Urretxun, Azkoitian, Zarautzen, Orion edota Oiartzunen. «Udalen ahalmena hazi da, batez ere Zoru Legea onartu zenetik. Izan ere, Eudelek 7.000 biztanle baino gehiagoko udalek arauak aldatzeko eskumena handitzea lortu zuen», diote elkarteko arduradunek. Hala ere, legediak berak ezartzen duen aholku batzordearen garrantzia ere nabarmendu dute, eragile ezberdinen kontrola ahalbideratzen duelako.
Arabako federazioa, bidean
Azaldutako kasuen artean, Urretxukoa ere aipatu dute elkarteko arduradunek: «11.000 biztanleko herria da eta 23.000 metro koadroko eremua hartzen duten merkataritza lokalak daude hutsik. Hala ere, industrialde bat berriz kalifikatu nahi zuten 40.000 metro koadroko azalera hartuko luketen merkataritza lokalak eraikitzeko periferian».
Etorkizuna kezkagarria da, elkarte horien ustez. Diotenez, Gasteizko Gobernuak «merkataritzaren alde dagoela dio ofizialki, baina legeak egiteko orduan, merkataritzagune handiak zabaltzeko erraztasun guztiak ematen ditu».
Are gehiago, nabarmendu dutenez, «merkataritza jarduera horiek egun 685.000 metro koadro betetzen badituzte, dekretu berriarekin 1,5 milioi metro kuadro betetzera hel daitezke».
Merkatarien federazioetako ordezkariek Gasteizko Legebiltzarraren aurrean agerraldia egitea eskatu dute. Martxoan izango dira Gasteizen legebiltzarkideen aurrean.