NOrk bere burua ezagutzea, ikasketak ondo aukeratzeko gakoa
Ingeniaritza, medikuntza, kazetaritza, irakaskuntza... Unibertsitateko eskaintza zabala da; Lanbide Heziketan dagoen aukera ere ez da nolanahikoa. Horiek horrela, erabaki zuzena hartzea ez da beti erraza izaten. Horretan aditu direnek gakoa nork bere burua ondo ezagutzean dagoela diote.
Maider EIZMENDI
Derrigorrezko ikasketak amaitu eta gero ikasten jarraitzea erabakiz gero, ikasi beharrekoa hautatzea oso zaila izaten da askorentzat. Urtero-urtero milaka gaztek egin behar izaten diote aurre hausnarketa prozesu hori. Batzuek nahiko argi izaten dute erabakitzeko ordua iristerako, beste batzuk, berriz, bezperan ere zalantzan izaten dira. Laster batean, derrigorrezko ikasketak amaitu edota batxilergoari amaiera ematekotan dauden ikasleak erabaki handi hori hartu beharrean izango dira, datozen asteetan jarriko baitira abian aurrematrikulazio aldiak. Unibertsitate zein lanbide heziketa zentruak ari dira dagoeneko euren eskaintza gazteen artean ezagutarazten.
Isaac Barrio EHUko Donostiako Campuseko Orientazio zerbitzuko teknikaria da, eta egunotan unibertsitatearen eskaintza ezagutarazteko makina bat ekitaldi antolatzen ari da. Barrioren esanetan, gazte gehienek ikasketa zehatzen gaineko zalantzak dituzte nagusiki. «Esaterako, oso arrunta da arkitektura teknikoaren eta arkitekturaren artean zein ezberdintasun dauden galdetzea», azaldu du Barriok adibide gisa. Baina zertan oinarritzen dira gazteak ikasketa batzuk eta ez beste batzuk aukeratzeko unean?
Barriok jakitera eman duenez, egun gazteek informazioa asko dute eskura. «Gehiegi», bere ustez. Gainera, informazio hori eskura izanda ere, maiz zertan hasi diren oso ondo jakin gabe ekiten diete ikasketei gazteek. «Askok arkitektura teknikoa hautatzen dute arkitekturaren ordez, laburragoa delako, baina ez dakite bertan ikasten diren gaiak ezberdinak direla. Arrunta da, gainera, hori gertatzea, gai ezberdinen inguruko ikasketa ezberdinak baitaude».
Barrioren esanetan, aukeraketa egokia egiteko oinarrizkoa da informazioa izatea, baita orientazio prozesu egokia izatea ere. Horretarako lehenengo urratsa gazteak bere burua ondo ezagutzea da. «Ikasleak jakin behar du zer den gustatzen zaiona, zertan den abila...», azaldu du Barriok. «Behin hori ezagututa, oso baliagarria da eskuragarri dagoen informazio guztia eskuratzea. Aurretik, ez». Azken pausoa, aukeraketa egitea da. «Okertuz gero, berriz ere atzera buelta egin behar da non huts egin den jakiteko», ohartarazi du.
«Ezagunek esandakoari jaramon»
Hala eta guztiz ere, Barriok azaldutakoaren arabera, kasurik gehienetan ez da prozesu hori behar bezala garatzen. Erreferente gisa hartzen dituzten pertsonei dagokionez, zera adierazi du: ikastetxeetako orientazio zerbitzuetako arduradunek esandakoaz baino gehiago fidatzen dira inguruko ezagunek esandakoaz. «Familiak eta lagunek esandakoaz gidatzen dira maiz. Lehengusuren batek-edo egin dituen ikasketa berak aukeratzen dituzten hainbatek harek esandakoa oinarri hartuta. Horrelakoetan ez da beti asmatzen».
Barriok azaldu duenez, gainera, joera dago lanbideak eta balioak idealizatzeko eta ikasketak horien arabera aukeratzeko. «Lanbideen gaineko ideia batzuk egiten dira eta balore batzuk erreferentzia gisa hartzen dira. Egun zeintzuk daukate prestigioa gizartean? Oro har, medikuak eta arkitektoak prestigiozko langileak dira. Askok horien bizi maila lortu nahi izaten dute, eta horren arabera aukeratzen dute karrera. Modu horretan, huts egiteko probabilitateak handiak dira», aipatu du Orientazio zerbitzuko teknikariak.
Ikasleek izan dezaketen arazo gaineratua aukeratutako ikasketetan lekurik ez izatea da. «Askok ezin dituzte nahi dituzten ikasketak egin kalifikazioa arazoak direla eta. Kasu askotan bigarren edo hirugarren lekuan aukeratutako ikasketak egin behar dituzte, eta horrela oso posible da huts egitea. Azken batean, gustuko ez diren karrerak dira, zerbait aukeratu behar delako hautatu direnak», azaldu du. «Lehen aukerako karrerak hasten dituztenek amaitu egiten dituzte kasurik gehienetan», adierazi du.
«Zertan dugu abilezia?»
Nafarroako Unibertsitatetik karrera utzi eta beste batean izena ematen duten ikasleen kopurua baxua dela nabarmentzen dute. Ikasketa batzuen eta besteen artean aukeratzeko orduan, batez ere duten lan irtenbidea aintzat hartzen dutela adierazi dute. «Beste arrazoi batzuek ere badute pisua, esaterako, ikasketak egiten ari diren bitartean egin behar dituzten praktikak, edota enpresekin eginak dauden hitzarmenak». Azken urteetan, berriz, geroz eta pisu handiagoa hartzen ari da ikasketek nazioarte mailan duten dimentsioa.
Azaldu dutenez, oinarrizkoa da aukeraketa egiteko orduan ahalik eta informazio gehien eskuartean izatea. «Ikasleek titulazioen edukiak, ikasketa metodologia, lanbide irteerak... ezagutu behar dituzte». Horretarako unibertsitatetik informazio andana bideratzen diete ikasleei. Era berean, Nafarroako Unibertsitateko orientazio gabineteak hainbat aditu ditu ikaslearen profila zehazteko eta horri hobekien egokitzen zaizkion ikasketak aukeratzen laguntzeko.
Barriok aipatu duen ikastetxeetako orientazio prozesuan jarduten du Josean Pinedok, Ordiziako Oiangu ikastetxean, hain justu. Haren esanetan ere, lehen pausoa nork bere burua ezagutzea da, bere benetako gustuen eta interesen berri izateko. Era berean, ikaslea zertan den abila ere aztertu behar da. «Gustuak eta interesak ezagutu behar dira, baina ikaslearen gaitasunak ere kontuan hartu behar dira». Pinedoren esanetan, ikasketak aukeratzeko ikasleekin ez ezik, gurasoekin ere mintzatu behar da. «Ikasketa ezberdinek eskakizun ezberdinak dituzte. Ez da gauza bera ikasketak bertako unibertsitate baten egitea edota kanpora irten behar izatea; nolabait gurasoei dauden aukeren berri ematen saiatzen gara, baita laguntzak lortze aldera egin behar dutena azaltzen ere», adierazi du.
Ikasleek egin behar izaten duten lehen aukeraketa ikasketa maila erabakitzea da; hau da, unibertsitatera joatea edota lanbide heziketaren aldeko apustua egitea. Pinedak oso garbi du: «Lanbide heziketaren eskaintza asko zabaldu da. Hala ere, azterketak gainditzeko zailtasun handirik ez duten ikasleek unibertsitatearen aldeko apustua egiten dute, argiro. Oraindik ere unibetsitateak erakargarritasuna handia du, unibertsitatea bera idealizatu egiten da».
Euren aukeraketa egiteko orduan eta etorkizuneko lanbideari dagokionean, gazteek soldatari eta izan dezaketen denbora libreari erreparatzen diote, orientatzaile honen arabera. Era berean, gidaritza nahiak ere gidatzen ditu bateren batzuk.
Lan merkatuan izango duten aukera era erreparatzen dela adierazi du, «baina ez zaio horri soilik begiratzen. Izan ere, irtenbide handiko hainbat ikasketek, batez ere lanbide heziketakoek eta industria arlokoek, bete gabeko plazak dituzte».