GARA > Idatzia > Gutunak

Lotsa sentitu genuen Aramaion

Joseba Jauregi, Judith Arriolabengoa | Aramaioko AHT Gelditu Elkarlanaren izenean

Gorritzeraino sentitu genuen lotsa. Hamabost urte eman ditugu AHT dela eta informazioa eskatu eta gure iritzia entzunarazi nahian. Azkenean, Arantza Tapia Garraio eta Herri Lan sailburuordea eta Mirari Arruabarrena Garraio Azpiegituraren zuzendaria agertu ziren gurean. Etorri bai baina ez zuten informaziorik ez erantzunik ekarri. Ez omen dute Aramaioko azken trazaduraren proiekturik, ez dakite nondik pasako den beraien AHT, ez dute erantzunik. Ez dute lotsarik.

Galderak izan ziren nagusi, herritarren kezka bizia delako. Baina erantzun bakoitzaren aurrean ihes egiten saiatu ziren, Madrilen hau eta Madrilen hori esaka ibili ziren. Hamabost urte beraien «Y Vasca» saltzen ibili ostean, orain ez dute esateko ezer. Hori bai, ikasgai batzuk atera genituen. Adibide argiena, Lakuako Gobernuaren demokrazia kontzeptua. Herri Galdeketen emaitzak errespetatuko ote dituzten galdetu eta hara non azaltzen diguten demokrazia zer den. Demokrazia konpetentzia kontu bat da. Herriak erabaki? Horrek ez du haien demokrazia kontzeptuarekin zerikusirik. Eta barruan halako espektakulo penagarria jasan genuen bitartean, kanpoan bestelakoa. Sarrera-irteeretan guardia zibilaren kontrolak, plazan paisanozko polizia piloa eta estrategikoki kokatuta, badaezpada, Ertzainen hiru furgoneta. Zeren beldur dira? Erantzun nahi ez dituzten galderen beldur? Errespetatuko ez dituzten iritzien beldur? Demokraziaren beldur?

Aramaioko herriak AHTren gainean erabakiko du, horrela nahi dutelako herritarrek, hori delako, hemen eta edozein lekutan, demokraziaren oinarria. Herri Kontsulta egingo dugu eta Lakuako gobernuarena demokrazia balitz, herriaren erabakia errespetatuko lukete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo