GARA > Idatzia > Euskal Herria

Auto batek emakume bat eta haren biloba hiltzeagatik auzo mobilizazioa Intxaurrondon

Joan den igandean 54 urteko emakume bat eta haren 4 urteko biloba auto batek hiltzeagatik, elkarretaratze batera deitu dute ostegunerako Intxaurrondoko Auzo Elkarteek. Ezbeharra «oker gidatzeagatik" gertatu zela esan du Hiri Segurtasunerako zinegotzi Ernesto Gascok.

GARA | DONOSTIA

Zarategi pasealekuan izango da elkarretaratzea, datorren ostegunean, 20.00etan. Ipar Haizea eta Intxaurdi auzo elkarteek, gainera, «beharrezko erakundeak erabilita auzoan dituzten bideragarritasun arazoei» aurre egiteko eskatu diote Donostiako Udalari.

Intxaurrondoko auzo elkarteek bilera bat antolatu dute Ipar Haizearen egoitzan, bihar 20.30erako. «Benetako bideragarritasun arazoak izaten dira auzoan; lau hildako izan dira azken urteetan besteren artean, eta udal erakundeen erantzuna ez da beti egokia izan», esan dute.

Udaltzaingoa gertakizuna ikertzen ari da, eta ezbeharra «oker gidatzeagatik» gertatu zela aipatu zuen atzo Hiri Segurtasunerako zinegotzi Ernesto Gascok. «Ez dakigu gidariak arreta galdu zuen, loak hartu zuen edo alkoholaren eraginik izan gabe -ezezkoa eman zuen eginiko probak- beste zerbaiten eraginik izango zuen», adierazi zuen. «Ausarkeriazko gertaera bat da, eta oker gidatzeagatik gertatu zen ezbeharra», gaineratu zuen.

54 urteko Mercedes Sanchez eta haren biloba Ibai Joseba Galdeano hil ziren auto batek harrapatuta, Intxaurrondoko Zarategi pasealekuaren 77. zenbakian dagoen oinezkoen pasagune batean. 0.17an gertatu zen ezbeharra. Renault Megane batek harrapatu zituen, eta gidariak ez zuen bat-batean autoa gelditu; ustez, biak kapotaren gainean zituela, hainbat metro jarraitu zuen bere martxa.

Euria egiten zuen

Argitze-agirian esaten denez, hasiera batean auto gidaria ez zen konturatu bi pertsona harrapatuta zituela; agian, euria zapar-zapar jausten ari zelako memento hartan.

Oinezkoen pasagunetik 25 bat metrora agertu zen Mercedes Sanchez. Traumatismoen eraginez hil zen, eta Donostiako Medikuntza Legalaren Institutura eraman zuten. Badirudi gidariak bertan dagoen atari batera eraman zuela oraindik bizirik zegoen haurra, baina traumatismoen eraginez igande arratsaldean hil zen.

Istripua gertatu zenean, Ibai Joseba Galdeanoren aitona eta beste biloba bat ondoan ziren. Auzoan inauteri jaian izan eta gero, etxera bueltatzen ari ziren.

erantzunA
«Benetako bideragarritasun arazoak izaten dira auzoan; lau hildako izan dira azkenengo urteetan, eta udal erakundeen erantzuna ez da beti egokia izan", esan dute Ipar Haizea eta Intxaurdi elkarteek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo