GARA > Idatzia > Pelota

«Ez dut uste finalean Ezkurrak nik baino presio handiagoa izango duenik"

Patrick OZAFRAIN | Pilotaria
Patrick Ozafrain berriro ere gogotsu dago, eta aurten ere Bakarkako txapela jantzi nahi du. Paxkal Ezkurra da, ordea, egungo txapelduna, eta hura menderatu beharko du hori lortu nahi baldin badu. Orain arte maila oso ona eman du Bankako atzelariak, eta badaki orain arte jokatu duen moduan jokatzen badu finala, Ezkurra gaztea oso estu hartuko duela.

Jon LEUNDA | BAIGORRI

Patrick Ozafrain prest dago datorren larunbatean, Baionako finalean, Ezkurrari Bakarkako txapela kentzeko.

Finalean zara. Lehen helburua bete al duzu?

Bai, bai, dudarik gabe. Txapelketa hasi aitzinetik esan izan balidate finalean izango nintzela, oso kontet izango nintzatekeen, eta azkenean lortu dut. Gero, behin han sartuta, gehiago nahi izaten da, normala den moduan.

Paxkal Ezkurra izango duzu aurkari finalean. Bera ikusteko parada izan duzu. Nola ikusi duzu? Izan ere, finalerdietan, doi-doi sartu baita finalera.

Bera pilotari handi bat da, eta horixe erakutsi du finalerdietan. 26-33 galtzen ari zen, eta partida oso gaiztoa jarri zitzaion, baina sobera lotsatu gabe berriro ere jokoan sartu zen, eta puntu batez irabazi zuen. Maila handikoa da.

Joko aldetik maila handia emateaz gain, buru aldetik ere oso ongi dabilela erakutsi du, ezta?

Bai, bai, hori oso garbia da. 25 urte ditu, eta finalerdietan ia hamar puntuz galtzen aritu ostean, adin horretan beste edozeinek etsi egingo zuen, baina berak ez, aurrera egin du, eta hor garbi erakutsi du buruz ere oso ongi dagoela. Gainera, bere buruarekin ere konfiantza handia dauka. Oso gaztea da, baina azkeneko bi urte hauetatik aitzina, alimaliazko pilotaria dela erakusten ari da.

Zuk finalerdietan ongi irabazi zenion Etxetori. Akaso uste baino errazago?

Ez, ez, niretzat oso zaila izan zen. Serio aritu nintzen hastapenetik. Hasieran saiatu nintzen aldea hartzen gero ez sufritzeko, eta uste dut ongi aritu nintzela, konfiantzarekin.

Paxkal bakarrik ez dabil buruz ongi, zu ere bolada batez gibeletik izan zinen finalerdietan, baina ongi erreakzionatu zenuen.

Bai, baina nirea aitzineko hamabost kintzeetan izan zen, eta badakizu, bakarka aritzean, tarte handia dagoela hortik amaierara, eta partida itzul zitekeela. Nik konfiantza banuen neure buruarekin, eta berehala eman nion horri buelta. Gainera, aitzinetik izanda, errazagoa da.

Bai zuk, baita Paxkalek ere, gainerakoek baino partida bat gutxiago jokatu behar izan duzue. Hori zuen onerako izan al da?

Ez dut uste hori horrela izan denik. Bai banaka baita binaka ere garantzitsua da ahalik eta partidarik gehiena jokatzea, horrela erritmoa ere hobea izaten baitu pilotariak. Bistan da, partida gogorrak jokatuz gero, eskuetan arazoak izan daitezkeela, baina ahalik eta neurketarik gehiena jokatzearen aldekoa naiz ni.

Bakarka jokatzerakoan boteak garrantzi handia izaten du. Orain arte hasierako jokaldiarekin oso indartsu ibili zara.

Bai, baina aldeak izaten dira. Batzuetan ez da nahi bezala sakatzen, beste batzuetan bai, baina garbi dago bakarka sakeak garrantzi handia duela. Etxetoren aurkako finalerdian ongi sakatu nuen, eta kintzea lortzen ez nuenean ere aukerako pilotak izaten nituen gero. Finalean ere garrantzitsua izango da horrela sakatzea.

Finalean Paxkal Ezkurra izango da faborito, bera baita txapelduna. Zuretzat hobeto da presioa besteak izatea edo horrek ez dizu axola?

Azkenaldian final askotan ari gara biok, eta bera atera daiteke akaso faborito, baina gaztea izan arren, finalak prestatzen badaki, eta ez dut uste hark nik baino presio handiagoa izango duenik. Finalak beti final dira, eta denok nahi dugu irabazi, eta, alde horretatik, berdintsu izango garela uste dut.

Iaz, txapelketa enpresa bezala jokatu zenuten, eta aurten berriro ere Federazioarekin ari zarete jokatzen. Zer moduz doa gauza?

Nik uste dut garrantzitsua dela lehiaketa ofizialak izatea, eta horretarako federazioen parte- hartzea beharrezkoa da. Aurten lehen urtea da, eta orain arte ongi doala uste dut, baina guztia amaitutakoan ikusiko da hobeto.

Trinket berriak ere izan dituzue aurten, Maulekoa eta Pauekoa. Zer iruditu zaizkizu?

Biak ezberdinak dira, baina bereziak aldi berean. Nik uste trinket horietara jarri behar dugula oraindik. Bi trinketetan jendeak ongi erantzun du, eta uste dut hemendik aitzinera partidak jarri beharko direla trinket horietan ere.

Finala Modernen izango da. Hura ere berezia da, baina ohituta zaudete, ezta?

Fisikoki ongi egon beharreko trinketa da, bestela ez dago ezer egiterik. Bero asko izaten da, eta sufritu ere asko egin behar izaten da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo