GARA > Idatzia > Kultura

Ane Muñoz: «Nire inguruko istorio txikiak kontatzen jarraituko dut"

Ane Muñoz zinemagile gipuzkoarrak bosgarren film laburra lehenengo aldiz emango du aste honetan Topaguneko Euskarazko Film Laburren Zirkuituaren IV. edizioan. «Lotura" filmak Fermin Muguruzaren musika dauka, eta Muñozen inguruko istorio txiki bat kontatzen du. Hori estreinatu eta egilea film luze baten proiektuan jarriko da lanean.

Karolina ALMAGIA | BILBO

«El salto de Beamon» izan zen Ane Muñozen (Hondarribia, 1967) azken film laburra. Pelikula horrek sari pila bat irabazi zuen, eta jaialdiz jaialdi ibili zen bi urtean. Orain, zinemagile gipuzkoarra arrakasta bera izateko asmoz dator lan berri batekin. «Loturak» izena du, eta Topaguneak Euskara Elkarteen Federazioak antolatzen duen Euskarazko Film Laburren laugarren edizioan estreinatuko dute. Ostegunean Irunen izango da lehenengo emanaldia.

Euskaraz eginda dago, eta zuzendariak aurreko lanean parte hartu zuten lagunekin lan egin du. Anartz Zuazuaga -hirugarren aldiz agertzen da Aneren lan batean- protagonista da. Fermin Muguruzak berriro musika egin dio, eta talde tekniko nagusia ere bera da. Gainera, hamaika pertsonaia egiten duten interpreteen artean, erdia Muñozen senideak dira. «Labur bat martxan jartzea oso zaila da. Dirua behar da, eta mesede asko eskatu behar dira. Egun gutxitan eta intentsidade handiarekin lan egin behar da; beraz, aproposena ezagutzen den jendearekin lan egitea da. Taldekide horiek nirekin baldintzarik gabe aritzen dira», azaldu du zuzendariak.

«Loturak» joan den abuztuan filmatu zuten Hondarribi aldean zazpi egunean. «Oso filmatze gorabeheratsua izan genuen. Izan ere, lehenengo egunean dilubioa jauzi zen Hondarribiaren gainean. Dekoratu guztiak errealak dira; kalean daude, eta dena bertan behera uzteko zorian egon ginen».

Komediara hurbiltzen da oraingo lanean Muñoz. «Basurdea» (2002) film laburrarekin zerikusia dauka «Loturak» lanak. «Gizakia eta natura da gai nagusia. Guztiz fikziozkoa da filma, baina bizitako hainbat pasartetan inspiratu naiz gidoia idazteko», esan du. Filmeko protagonista gizon bat da. Koadrilekin egotean, apustuak egitea pila bat gustatzen zaio. Baina galtzaile jaio da, eta galtzaile hilko da. «Tipo hori gauza da berea ez dena ere jokoan jartzeko», kontatu du Muñozek. Aldi berean, mundu modernoa eta iraganean oraindik bizi dena istorio txiki honetan elkartzen dira.

Euskaraz filmatu

Aurrekontu ertainakoa da, eta Lakuak diru laguntza bat eman dio Ane Muñozi azken pelikula egiteko. «Lehen aldiz, `goi bereizmen' formatuarekin egin dut lan. Batez ere egun erabiltzen diren tresnekin ohitzeko izan da; izan ere, zinema bete izan dut. Uste genuen merkeagoa izango zela, baina azkenean zinema bezain garestia ateratzen da. Baina filmatzea erosoagoa da, ez dagoelako negatiborik, eta toma pilo bat egin daitekeelako».

«Loturak» izango da segur aski Ane Muñozen azken laburra. Orain, film luze baten proiektuan sartu nahi du. «Niregatik balitz, laburrak egiten jarraituko nuke genero bezala asko gustatzen zaidalako. Baina ez noa inora horrekin, eta dagoeneko lotsa ematen dit hainbeste fabore eskatzeak». Lan hori estreinatu eta aste honetan bertan gidoi luze bat idazten hasiko da. «Nire inguruko istorioekin eta bizi dudan giroan ikusten ditudan gauzekin piezak sortu nahi ditut. Ez dut bizitza kontatu nahi. Baina bai bizitzako detaileak, istorio txiki eta egunerokoak. Istorio alaiak; izan ere, ez dut nahi kontatu tragediarik. Umorea erabili gure izaera kontatzeko».

Euskal Herrian filmatu nahiko luke. «Hondarribian egiten badut, hobe. Ez dauka zentzurik Andaluziara errodatzera joateak. Hemen denetarik daukagu: itsasoa, mendia, aireportua.... Badakit produkzio ondorengoa kanpoan egin beharko dutela, Madrilen dena askoz merkeago delako». Eta euskaraz filmatzeko asmoa du. «Askoz erosoagoa sentitzen naiz euskaraz. Gainera, gutxi gara euskaraz egiten dugunok eta zinema egitea gustatzen zaigunok. Beraz, guk ez badugu egiten...». Muñozek ez du uste euskarazko zinemagintza hazten doala. «Film batzuk estreinatu dira, baina kasualitatea izan da. `Aupa Etxebeste'k erakutsi digu badagoela aukera zerbait duina egiteko, munduan erakutsi ahal dena».

KASUALITATEA
«Film batzuk estreinatu dira euskaraz, baina kasualitatea izan da. Ez dut uste inolako `boom'ik dagoenik. Dena den, `Aupa Etxebeste' lanak erakutsi digu badagoela aukera zerbait duina egiteko, munduan erakutsi ahal dena".

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo