«Argala" baztertuta egin dute omenaldia Arrigorriagan
GARA | ARRIGORRIAGA
Arrigorriagako Udalak ETAk hildako bi herritarrei omenaldia egin zien atzo. Azkenean, Jose Miguel Beñaran Ordeñana «Argala» gerra zikinaren ondorioz zendu zen erakunde armatuko militanteari buruz ez zuten inolako aipamenik egin, hasiera bateko asmoa denak batera omentzea zen arren.
Iskanbila handia eragin zuen horrek, bai eta Gobernu espainolaren mehatxua ere. Gasteizen haren ordezkari Paulino Luesmak jakinarazi zuenez, akordio horren kontrako helegitea aurkeztuko zuen zinegotziek atzera egiten ez bazuten.
Hasiera batean, bere erabakiari eutsi zion EAJko alkateak, baina joan den astean erabaki zuten omenaldia «polemika era- gin edo kutsa dezakeen beste edozein izenekin nahastu gabe» egingo zutela. Ondorioz, Fermin Monasterio taxi-gidaria eta Manuel Fuentes poliziakidea baino ez zituzten gogoratu atzo.
Talde guztiak
Omenaldia eguerdian izan zen, Udaletxeko Batzar Aretoan. Monasterioren eta Fuentesen senideak egon ziren, bai eta Lakuako Biktimen Bulegoko arduradun nagusi Maixabel Lasa eta EAJko, EAko, PSEko, PPko eta EBko zinegotziak ere.
Alberto Ruiz de Azua alkateak adierazi zuenez, «bi familia horiek ahaztuta izan ditugu urte askoan», eta, ondorioz, barkamena eskatu zien. Ospakizunak polemika sortu zuelako minduta agertu zen EAJko alkatea ekitaldian.