GARA > Idatzia > Kirolak

errugbia

Donibane Lohizunek ezin izan du ezer lortu 15-0 galdu baitzuen

J.L. | DONOSTIA

Liga Federalean, Lehen Mailan, bigarren fasea hasi da asteburu honetan. Donibane Lohizune igoera fasean ari da jokatzen; Maule eta Nafarroa, aldiz, mailari eusteko fasean lehiatzen ari dira.

Igoera fase hori gainditzea ez da batere erraza, eta ligaxka laburra denez, galtzen hasiz gero, oraindik eta zailagoa izango da. Gorri-berdeek Graulhet-en zelaira egin zuten bisita, baina esku hutsik itzuli ziren, 15 eta 0 galdu baitzuten.

Partida ez zen handia izan, ez alde batetik eta ez bestetik, baina lapurtarrak kamuts ibili ziren. Ez zuten entsegu bakar bat egiteko aukerarik sortu, eta ostikoekin ere izandako aukera apurrak ez zituzten aprobetxatu.

Jaitsierako fasean, berririk onena Nafarroak eman zuen, 25 eta 21 menderatu baitzuen Marseilla Donibane Garazin. Partida ederra izan zen. Bi taldeek hiruna entsegu egin zituzten, eta transformazioekin kanpotarrak hobeto aritu ziren, hirurak gauzatu baitzituzten. Gero, ordea, zigorrekin ez zuten asmatu, eta bai Nafarroakoek.

Maulek Millavais taldeari egin zion bisita, eta zuberotarrentzat ez zen ongi hasi fase hau, 13 eta 6 galdu baitzuten. Partida kaskarra egin zuten bi taldeek.

Bigarren Mailan, Bokalek irabazi zuen etxean Noprolienne taldearen aurka, 26 eta 3, eta igoera fasea jokatzeko txartela oso gertu du. Donapaleuk, aldiz, 35 eta 0 galdu zuen Casteljalousaneren zelaian, eta mailari eusteko gauzak oso gaizki ditu.

Ohorezko B Maila

Ohorezko B mailan, jardunaldi ezin hobea izan da euskal taldeentzat. Ohorezko Mailara igotzeko promozioa jokatzeko postuetan jarraituko du Hernanik, 11-29 irabazi baitzuen Valentzian.

Durango ere denboraldi ona egiten ari da, eta herenegun 15 7 irabazi zion Cornellari. Gernika apurka-apurka ari da zulotik ateratzen. Herenegun, garrantzi handiko garaipena eskuratu zuen Vigon, aurkari zuzen baten zelaian, 5 eta 20. Lasaitasun apur bat hartu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo