GARA > Idatzia > Kirolak

Asobal Liga

Europara itzultzeko atarian, Bidasoak eta Portlandek partidak dituzte gaur

Aritz SORZABAL | IRUN

Bidasoak Ciudad Real ahalguztidunaren aurka jokatuko du gaur, 20.00etan, Artalekun. Irundarrek Ligako 18. jardunaldiko partida asteartera aurreratzea erabaki dute larunbatean EHFko itzulerako norgehiagoka dutelako zain. Hain zuzen ere, final-laurdenetan CAI Aragon izango dute aurkari.

Jakinda Ciudad Realen kontra irabazteko ia aukerarik ez dutela, Ligako partida Europakoa prestatzeko «denbora handiagoa izateko» aurreratu dute, Bidasoak adierazi bezala. Gaurko partidarako sarrera bat erosiz gero, gainera, CAI Aragon ikusteko beste bat oparituko dute.

Bestetik, partidarik galdu gabe jarraitzen du Portlandek, eta norgehiagoka arriskutsua du gaur Algecirasen, bidean punturik utzi ezin dezakeen horietakoa. Andaluziarren kantxa beroan irabaztea beti zaila izateaz gain, euskaldunen aurkaria oso denboraldi txukuna ari da egiten -zortzigarren da-, Munduko Txapelketak eraginiko geldialdia ondo etorri ez zaion arren. Bigarren itzuliko bi partidak galdu baititu: Granollersen aurka etxean (23-24) eta CAI Aragonen aurka kanpoan (37-24).

Dena dela, Algecirasen edozer gauza gerta daiteke -aurreko denboraldian Ciudad Realek bertan galdu zuen azken segundoan (28-27) eta Portlandek asko sufrituta irabazi zuen (20-23)-.

Txapeldunen Liga dela-eta, nafarrek Ciudad Realen aurka jokatuko dute larunbatean. Mantxakoek gol bateko aldeaz irabazi zioten igandean Leongo Ademarri (32-31), nahikoa nafarrengandik puntu batera jarraitzeko eta presioa sartzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo