Espetxe politika gerra estrategiatik aldentzeko eskatu diote PSOEri
Euskal Preso Politikoen Kolektiboa autodeterminazioaren eta amnistiaren alde asteotan egiten ari den borrokaldiarekin bat eginez, makina bat mobilizazio antolatzen ari da Euskal Herriko kaleetan. Datorren ostiralean, gainera, ordubeteko lanuztera deitu du Etxerat-ek; larunbatean, berriz, nazio manifestazioa izango da presoen eskubideen alde Bilboko kaleetan. Horietan parte hartzeko deia egin dute bai Amnistiaren aldeko Mugimenduak bai eta Batasunak ere.
G. MUJIKA - J. MITXELTORENA
Amnistiaren aldeko Mugimenduak euskal herritarrei deia egin die euskal preso politikoen eskubideak babesteko datozen egunotan izango diren mobilizazioetan parte har dezaten. Hala, batetik, Etxerat-ek ostiralean ordubeteko lanuztea egitera deitu du, eta, bestetik, larunbatean Bilboko kaleetan egingo duten manifestaziora bertaratzera gonbidatu du; izan ere, bere hitzetan, konponbidearen aldeko mobilizazioa izango baita.
Autodeterminazioaren eta amnistiaren aldeko borrokaldian, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak astebeteko itxialdiak egin ditu; komunikazio greba egiten hasi da, eta Iñaki de Juana preso donostiarrak 106 egun bete ditu gose-greban. Horiek hala, Amnistiaren aldeko Mugimenduak euskal presoen eskubideak babesteko kalera ateratzeko deia egin dio euskal gizarteari. Donostian egindako agerraldian, Estatu espainolak eta frantsesak gerra estrategian sartzen duten espetxe politika eraldatzeko premia nabarmendu zuen atzo, modu horretan, konponbidearen aldeko norabidean jar dadin. Horretarako, herritarrek parte hartzea beharrezkoa dela adierazi zuten.
Xabin Juaristi eta Oihana Agirre Askatasuneko kideak mintzatu ziren Amnistiaren aldeko Mugimenduak eman zuen prentsaurrekoan. Haiekin batera, Etxerat elkarteko Estanis Etxaburu, Irati Aranzabal, Mattin Troitiño eta Arritxu Martinez egon ziren, baita Fernando Arburua preso ohia eta Jon Enparantza eta Ainhoa Baglietto abokatuak ere.
Xabin Juaristiren esanetan, azken hilabeteotan gertakari hainbatek agerian utzi dute «mendekuan oinarritutako espetxe politikaren bilakaera», eta haren helburua presoak erabilita «xantaia politikoa» egitea dela salatu zuen beste behin ere. Hala, euskal preso politikoei Estatu espainolak eta frantsesak salbuespeneko neurriak ezartzen dizkietela nabarmendu zuen. Gertakizun hauek aipatu zituen adibide gisa: Zigor Kodea aldatu izana, gaixotasun larriak izanda ere euskal herritarrak espetxean mantentzea edota «Parot doktrina» deitzen dioten neurria erabilita espetxe zigorrak beteak izan arren gatibu mantentzea.
«Kezka larriagoa»
Euskal presoen aurka salbuespeneko neurriak erabiltzeak Estatu espainolak eta frantsesak «mendeku eta gatazka klabeetan» oinarritutako politika bideratzen dutela baieztatzen du Juaristiren ustez. Azkeneko helburua «xantaia politikoa» dela aipatu zuen. Egoera horien atzean «beti PSOEren bultzada politikoa» dagoela adierazi zuen, eta espetxe politika aldatzea beren esku dagoela esan.
Azken hilabeteetan, Iñaki de Juanaren, zigorra osorik betea duten eta gaixotasun larriak dituzten arren preso jarraitzen duten euskal herritarrak askatzeko galdegin zion Gobernu espainolari Amnistiaren aldeko Mugimenduak. Egun, Euskal Herriko gizarte eta politika gehiengoak eskaera horiekin bat egiten duela gaineratu zuen Juaristik.
Horiek hala, espetxe politikak gatazkatik konponbidera igaro behar duela nabarmendu zuen, eta horrek izen zehatza duela nabarmendu zuen: estatus politikoa. Euskal presoak politikoak direla aitortu dezatela ez ezik, haien eskubide guztiak errespeta ditzatela galdegin zuen AAMko kideak. Baina «nahiz eta euskal gizartearen gehiengoak eskaera horiekin bat egin», bi estatuen jarrerak oraindik urrun daudela esan zuen. Horren adibidetzat jo zituen igandean Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente espainolak esandakoak edota Pascal Clement ministro frantsesak Filipe Bidarten kaleratzeari buruz adierazi zituenak.
Hala ere , bertako alderdi politikoek duten jarrera ikusita, euren «kezka larriagoa» dela esan zuen Juaristik. Izan ere, Askatasuneko kidearen esanetan, Iñaki de Juanak 106 egun bete ditu gose-greban, baina ez dute «ezer egin», eta donostiarrari borrokaldia uzteko eskatu diote hainbatek. «Zein da zuen helburua?», galdetu zien.
Aldaketarako eta urratsak egiteko garaia dela azaldu zuen Amnistiaren aldeko Mugimenduko kideak, eta konbentzimendu guztiz adierazi zuen, horiek, aldaketak, euskal herritar guztien artean lortuko direla.
Mobilizatzeko deia
Hori horrela izanik, euskal herritarrei deia egin zien egunotan Iñaki de Juana askatzearen alde eta, oro har, euskal preso politikoak babesteko izango diren mobilizazioetan parte hartzeko. Besteren artean, ostiraleko ordubeteko lanuztea egiteko gonbita egin zuen Xabin Juaristik eta, batik bat, larunbatean Bilboko kaleetan «Autoderminazioa eta amnistia Euskal Herriarentzat» lelopean izango den manifestaziora bertaratzeko deia egin zuen. «Mobilizazioa autodeterminazioaren eta amnistiaren aldekoa izaki, gatazkaren konponbidea babesteko izango baita», esan zuen.
Bestalde, eta antzeko arrazoiengatik, Nafarroako Etxerat-ek agerraldia egin zuen atzo, Iruñean. Herrialdeko euskal preso politikoen senideak bildu ziren, eta Etxerat-eko kide Hilargi Jaunarena mintzatu zen.
Lehenik eta behin, oso larri dauden presoak gogoratu zituzten; dituzten baldintza txarrak izendatu eta horrela mantentzea ahalbidetzen dutenak salatu zituzten. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten herrialdeko presoak ere gogoratu zituzten. Bautista Barandallari berriro ere 92. artikulua ukatu diote- la aipatu zuten, eta gainerako gaixoen izenak eman zituzten: Marilo Gorostiaga, Iñaki Etxeberria, Jesus Maria Mendinueta eta Mikel Gil. Kartzelako egoeraren ondorioz arazo psikologikoak dituzten presoen berri eman zuten, eta gaixotasun horiek guztiak kartzelan sendatzea ezinezkoa dela salatu zuten. Azkenik, zigorra betea izan arren «kartzelan bahiturik jarraitzen dutenak» gogoratu zituzten; hala nola Iker Isiegas, Jokin Sancho, Iñaki Erro, Eneko Oltza, Carlos Perez, Iker Espartza, Juanjo Zubieta eta Ines del Rio. Senideen ustez, «kartzelan hiltzen ikusteko edo hilzorian daudenean kaleratzeko» izaten dituzte egoera horretan.
Horren guztiaren gainetik, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa borrokaldian dela eta aste honetan komunikazio greba egiten ari direla gogorarazi zuten. Gutunak, telefono deiak, bisitak eta bisean a bisekoak hartzeari uko egiten diote. Seni- deek adierazi zuten beren esku dagoen borroka modu bakarra izanik, uko egin dietela dituzten eskubide urri horiei, eta behin eta berriro duintasunaren eredua direla erakutsi dutela.
Nafarroako agintari eta alderdi politikoen jarrera gaitzetsi zuten senideek. Azaldu zutenez, inor ez da berengana hurbildu ere egin senideez galdetzeko edo laguntza eskaintzeko. «Gure senideek ez al dute gainontzeko herritarrak bezala tratatuak izateko eskubidea?», galdetu zuen Jaunarenak.
Ostiralean izango diren ekimenetan parte hartzera deitu zuten, «sigla eta ideologien gainetik», eta 12.00etatik 13.00etara geldialdia egitera gonbidatu zuten. Arratsaldean, hileko azken ostiraletako elkarretaratzeak izanen dira, eta ondotik, 20.30ean, Iruñean, Gaztelu plazatik, manifestazioa.
Atzo, presoen eskubideak babesteko 24 lagun elkartu ziren Astigarragan, 55 Iurretan, 28 Berangon, 20 Abadiñon, 30 Zaldibian, 30 Mutrikun, 48 Laudion, 30 Bilboko Errekalden, 27 Otxarkoagan eta 12 Añorgan.