GARA > Idatzia > Mundua

Errepublika frantseseko presidentea epaitu eta kargutik bota ahalko dute

Konstituzio frantsesean aldaketak sartzeko prozedura martxan jarri zuen atzo Parlamentuko Kongresuak (hau da, Asanblea Nazionaleko eta Senatuko hautetsiek elkarrekin egiten duten bilerak) Versaillesen. Modu horretan, Errepublikako presidentearen immunitatea onartu zuten, baina, bide batez, Parlamentuak hura kargutik kentzeko aukera ezarri zuten. Horrekin batera, Estatu frantseseko legediatik heriotza-zigorra ezabatzea onartu zuten.

GARA

Konstituzio frantsesa aldatzea onartu zuen atzo, Versaillesen, Parlamentuak (hau da, Asanblea Nazionala eta Senatua elkarrekin) ezohiko bilkura batean. Aldaketa horrek Errepublikako presidentearen estatusa aldatzen du, eta immunitatea ezartzen dio.

Dena den, atzo onartu zutenez, «bere jarduerarekin bat ez datozen ekintzak egiten baldin baditu», Parlamentuak Errepublikako presidentea kargutik kentzeko aukera izango du.

Atzo onartu zuten Konstituzioaren aldaketa 2002. urtean Jacques Chiracek egindako promesa da, eta atzoko bozketan 449 aldeko boto, 203 aurkako eta 217 abstentzio izan ziren Versaillesen.

Testua Parlamentuaren aurrean aurkezterakoan, Dominique de Villepin lehen ministroak nabarmendu zuen Konstituzioaren aldaketa horrekin V. Errepublika indartzen dela: «Herritarren eskaerei eta gaur egungo beharrei egokitzeko gai dela frogatu du».

«Parlamentariek V. Errepublika gaur egungo errepublika dela frogatu dute», adierazi zuen De Villepinek, eta atzoko erabakiarekin «aurrerapauso demokratikoa eta arduratsua eman» dela azaldu zuen.

Dominique de Villepinenek azaldutakoaren arabera, Konstituzio frantsesaren testu berria «orekatua da, arduran oinarrituriko sistema baten eta gizarte moderno baten beharrari erantzuten dion erregimena ezartzen duelako».

Errepublikako presidenteari zigor ardurak eskatzeak «bi betebeharri» erantzuten diola esan zuen: batetik, «herritar guztien berdintasun eta gardentasunari» eta, bestetik, «Estatuaren egonkortasunari».

Aldaketaren aurka azaldu direnek, ordea, arriskutsutzat jo dute Errepublikako presidentearen zigor ardura indarrean jartzeak eta bere iraupena Parlamentuaren eskuetan uzteak; izan ere, jarduera politikoarekin zerikusia duten trikimailuen jomugan jar dezakete.

Aldez aurretik, Versailleseko Kongresuak Kaledonia Berrian 2009 eta 2014 urteetan egingo diren udal hauteskundeetan erabiliko duten errolda izoztea erabaki zuen.

Hartutako erabakiarekin, Kaledonia Berriko 1998ko azaroaren 8ko errolda behin betikotzat joko dute; hala, datozen hauteskundeotan, Ozeaniako uharte-multzo horretan etengabe hamar urte bizi direnek soilik parte har dezaten. Proposamen horren alde 724 boz izan ziren, 90 aurka eta 56 abstentzio.

Heriotza-zigorraren aurka

Atzo, Versaillesen, Parlamentuaren Kongresuaren bileran, hemendik aurrera Estatu frantsesean heriotza-zigorra erabat debekatzea ekarriko duen konstituzio-aldaketa eztabaidatu, bozkatu eta onartu zuten.

Hemendik aurrera Konstituzioaren 66. artikuluak honako hau adieraziko du: «Inori ezin izango zaio heriotza-zigorra ezarri». 828 hautetsik debekatzearen alde bozkatu zuten; eta 26k, berriz, aurka.

ezohikoa
Asanblea Nazionaleko eta Senatuko hautetsiak elkarrekin biltzen direnean Parlamentuko Kongresua osatzen dute. Versaillesen elkartu ziren atzo. Konstituzioa aldatzeko hautetsi horien botoen 3/5 behar dira.
Inkestek dioten atzerapena murrizten saiatzen ari da Royal
Inkestek diotenaren arabera, Nicolas Sarkozy eskuineko hautagaiarengandik gero eta atzerago dabil PSko Segolene Royal. Horri aurre egiteko asmoarekin, hasi berria den aste hau biziki garrantzitsua dela diote adituek. Sarkozyrengana hurbiltzeko lehia horretan, TF1 telebistan agertu zen atzo Royal. Horrekin batera, haren kanpaina prestatu duen taldean aldaketa sakonak egin dituzte. Hemendik aurrera Royalek zabalduko duen mezu nagusia bere proposamenak gizartearen arazoei aurre egiteko beharrezkoak direla babestea da. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo