EIZIE: elkarte bizi eta emankorra
Xabier Mendiguren Bereziartu
EIZIEko kidea
Hogei urte bete dira EIZIE (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) eta SENEZ itzulpengintza eta terminologiako aldizkaria sortu zirela eta, joan den larunbatean, urteroko Batzar Nagusiaren ondoren, bazkari batekin ospatu zen urteurrena. Giro atsegina, esker oneko hitzak eta oroitzapenak jadanik gure artean ez daudenentzat.
Hasiera haren lekuko eta emagin izan ginenontzat ohore eta pozgarri da, 20 urte geroago, elkarteak eta aldizkariak, lehendakari eta zuzendari bat baino gehiagoren gidaritzapean, egin duten ibilbide oparoa ikustea.
Azken bi hamarkadotan EIZIEk ezinbesteko lekua hartu du gure gizarte honetako, eta oro har, Euskal Herriko kulturaren baitako zubigintzan, azken finean horixe baita itzulpengintzaren egitekoa.
Eta aipatzen ari garen hori guztia ezinezko izango zatekeen ia 30 urte inguru Joan San Martin Euskaltzaindiko Jagon Sailburuaren sen aurreikusleari Itzultzaile Eskola bat sortzea bururatu izan ez balitzaio. Ohore handitzat daukat berak horretarako gonbita egin izana eta esker oneko natzaie abentura hartan lankide izan nituen eta ondoren etorri diren guztiei. Ez ziren beti garai errazak izan eta gauzak aurrera ateratzeko ahalegin bat baino gehiago egin behar izan zen, baina denok saiatzen ginen eskuzabaltasunez eta gogo biziz geneukan hoberena geure baitatik ematen, eta denbora igaro ahala, fruituak nabarmendu egin ziren. Horien artean «Literatura Unibertsala» bilduma bereziki aipatzekoa da euskal literaturari egin dion ekarpen bikainarengatik. Eta oraintxe bertan ere elkartea bizirik dagoen seinale, hor dago «Itzul Baita» egitasmoa etorkizun hurbilean garatuko dena.
Bestalde, EIZIE instituzioekin lankidetzan ari izan den eta ari den elkartea da eta hori ere azpimarratzekoa da, izan ere hori da bidea benetan zerbait iraunkorra eraiki nahi badugu. Hasierako behin-behineko garai haien ondoren itzultzaileen prestakuntza Unibertsitatean kokaturik daukagu baina horrek ez du esan nahi etengabe hobetzen, sakontzen eta gure gizarte honek itzulpengintzatik eta interpretaziotik oraindik jasotzeko dauzkan ondasun guztiak eskuratze-bidean aurrera-pausoak eman behar ez ditugunik. Espero dut gizarteak eta instituzioek aitortuko diotela EIZIEri 20 urte horietan guztietan egin duen ekarpena eta horretarako modurik egokiena profesional horien baldintzak ahalik eta egokienak izaten laguntzea, eta etorkizunekoak ahalik eta egokien prestatzea da, beste herrialdetakoekin harreman estuan, ha- sieratik egin dugun bezala ingurukoengandik hartuz eta ingurukoei banatuz.
Zailtasunak zailtasun eta eztabaidak eztabaida, gutxienez beste 20 urteko ibilbide emankorra opa diot EIZIE elkarte bizi horri, eta bejondeiela berarekin zuzenean edo zeharka zerikusia duten guztiei.