Barnekaldean bizi
Koldo Amestoy2007/2/20. Euskal Herria.
Ez da irudi hau, oraindik hain ezaguna, Euskaldun Gazteriak doi bat agertzen hasia duena. Baina jakin ezazu, gaztea bezala, hau ere lumatuko dela, zohituko, eta bidean abiatuko laster, uhain bat bezala... Ikusiz gure herritar gazteeri eta ez hain gazteeri funtsean, Ipar Euskal Herri barnekalde honetan bizitzeko zer nolako aukera eskaintzen diegun.
Horra beraz, gure haurrak antolatzen hasiak direla. Guk, burraso bezala gure betiko herritar lege sakratuak: etxearena, haur gehienaren eskubidea, lurra; famili, auzo eta herritarren arteko lokarria... zangopilatu eta ostiko batez baztertu ditugulako, aments? Diru gehien daukanari, hemengoa izan ala, hari salduz gure etxe zaharrak eta lur eremuak? Horra beraz, ondorioa : gure seme-alabak, aterbe eta lurrik gabe, nekez bizitzera behartzen ditugula.
(...) hona Parte hartu! Hartu parte! partzuergo erosketa hitzemate kanpaina bat bultzatu dela. Eta, delako irudira berriz itzultzeko, nahiko xumea agertzen zait, baina zintzoa eta osoki baikorra. Dena hizki inguran, borobilean dantzan, hainbat marra soil eta sinple, begitarte irripartsu, bi jende nagusik beren beso eta gorputzez etxe bat irudikatzen dutela, barnean ttikiago bat aterbetuz... Horra hor, dena errana : jendeen arteko elkartasunak gazteari babesa ekartzen diola, omore onean...
«Bere ontasuna salduz, gurea ere galdu digunak» eta, hau egitera utzi duenak, ukanen dute orain beren hutsa deuseztatzeko parada!... Hori hala bada halabiz, hala ez bada halatsu...