Julen MURGOITIO
Jesarri zaitezte, kontxo!
Oraintsu hogeita piko urte dela gertatu zen, gogoratu nahi ez dudan estatu bateko diputatuen jauregian gertatu ere. Hauteskundeetan bozkatuak izan ez ziren batzuk, beherakoak jotako muskerren kolorezko uniformez jantzita, txapel barregarria buruan, zarataka sartu, dinbi-danba batean, bazterrak astindu, tiroak airera bota, han usorik ez bazen ere, eta biboterik handiena zeukana horrela mintzatu zitzaien, tonu apur bat ozenean, egia esan, harri eginda eta izuak hartuta zeudenei: Jesarri zaitezte, kontxo! Tira, itzulpen zabala da hau, jakina, Jesarri zaitezte, koino! esan omen baitzuen benetan. Jesarri? bai zera, aitaren batean señoria guztiak aulkiaren azpian ziren, makurrean, kukubilko. Ez naiz gogoratzen hortik aurrera zer gertatu zen, zeozer gertatu izan bazen behinik behin, beharbada, oraindik ere, baten batek hantxe segitzen du, makurrean. Gogoan dudana, ordea, zera da, señoria haiei jesartzeko agindua eman zien hari merkeago atera zitzaiola egun hartako zaratots ozena eginda egunkari honetan iritzi artikulu bi idatzita baino. Hala ere, uniformearen kolorea eta barrez lehertzeko moduko txapelaren okerra bazter utzita, orduko zerbaiten falta sumatzen dut nik orain, eta hemen, hainbeste urte igaro badira ere, han esandako haren ozentasuna, irmotasuna, seriotasuna: Jesarri zaitezte, kontxo! Gura nuke nik gurean hori horrela esateko gauza dena egotea, alde batekoak eta bestekoak mahai baten inguruan jesarri daitezen bultzatzeko; baina hori, jesartzeko, ez aulkiaren azpian kukubilko geratzeko. Itxura batean, itxaron beharko da horretarako.
Bitartean Lurrak bueltaka segitzen du, Eguzkiaren inguruan biraka; zorabiatu gabe, beti ere, neurriko abiaduran. Horra, jelkide buruak gero eta esperientzia gehiago ari dira metatzen deklarazioak egiten; batzuek epaitegian epaileen aurrean deklaratu, beste batzuek Foru Ogasunean inspektoreen aurrean deklaratu behar omen. Ibiltzean egiten da bidea!, jelkideentzat ere. Horra ere mendi-magalen azkeneko mugimenduak; lehen Itoizen bezala Esan orain ezkerreko magalok urduritzen hasiak dira, biziberritzen, luiziak sortzeko gogobetean. Modu bat da hori ingeniariei Altxatu zaitezte, kontxo! esateko, mahaitik altxatzeko, hain zuzen ere, eta bulegotik ateratzeko ere, planoek errealitatea ezagutu dezaten, mahaiaren leunetik haratago. Munduko urtegi guztietako ezkerreko magalak bildu zaitezte!, eskuineko magalak aulkiaren azpian behin betiko kukubilko geratu daitezen, berak eta planoak.