Baionako portuko trafikoak beheranzko joera apurtu du
2005ekin alderatuta, Baionako portuko trafikoak burua zertxobait altxatu du, bertatik igarotako gaien tona-kopurua, oro har, %3,5 igo baitzen iaz. ADA altzairutegiak ekoizpena emendatu izanak zerikusi zuzena izan zuen gorakada horretan. Artoa eta sufrea kopuru handiagoan iragan ziren, baina ez zuten aurreko hamar urteetan izandako maila berreskuratu. Ziburuko arrantza portuari dagokionez, tona gehiago sartu bazen ere, balio gutxiago lortu zen.
Maria AIZPURUA |
Azken hamar urteetan Baionako portuko trafikoak izan zuen goranzko joera 2005ean eten zen, batez ere, arto, sufre eta burdingintzako produktu gutxiago iragan zelako. Iaz, ordea, gai horien garraioak goraka egin zuen berriro, eta oro har, %3,5 emendatu zen trafikoa, betiere 2005eko datuekin alderatuta.
Merkataritza eta Industria Ganberako (MIG) arduradunek adierazitakoaren arabera, joan den urtean 4.034.172 tona gai igaro zen portutik, hau da, 2004an baino 262.000 tona gutxiago. Hala eta guztiz ere, trafikoa berreskuratzen ari dela nabarmendu dute.
ADAkoa, nagusi
Tona-kopuruaren zati handiena, heren bat hain zuzen, Acierie de l'Atlantique (ADA) altzairutegiaren jarduerari lotutakoa izan da. Gainera, aurten trafikoa handituko dela aurrez ikusten du MIGek. Izan ere, Añon taldeak Coruñako altzairutegian laminazio unitate berria jarri du, eta Bokaleko fabrikan egiten diren altzairuzko totxoen produkzioa erruz emendatuko dela uste dute. Totxoak itsasontziz eramaten dituzte Galiziara, eta handik, bueltan, burdin-hondakina bidaltzen dute Bokalera joan-etorri horretarako soilik ibiltzen duten ontzian.
Bigarren tona-kopurua artoaren trafikoari dagokio. Iaz jaitsiera izugarria izan zuen, aurreko urtean bezala, lehortearen eraginez produkzioak berak behera egin zuelako. 2007rako aurreikuspen hobeak dituzte, baina MIGeko arduradunen ustean, artoaren garraiatzea 500.000 tona inguruan finkatuko da, batez ere, Erdialdeko Europaren konpetentziagatik, Estatu espainolak artoa errepidez garraiatzen duelako eta bioerregaiaren ekoizpenerako Akitanian bertan gero eta arto gehiago erabiltzen dutelako.
Sufrearen trafikoak ere jasoaldia izan zuen 2006an, baina aurreko urteetako tona-kopurura, inolaz ere, hurbildu gabe. Lacq-eko ekoizpena gutxitzen ari da etengabe, baina kanpoko birfindegitik sufre ugari heldu zen iaz Biarnoko herrira, eta hortik dator igoera.
Hidrokarburoen trafikoari dagokionez, bestalde, Baionako portuak Bilbo eta Bordelekoaren lehia zuzena du, bi horiek biltegi ahalmen handiagoa dutelako. Hori dela-eta, iaz erregai findu gutxiago igaro zen Lapurdiko portutik, zehazki %16,20 gutxiago.
Emaitza gorabeheratsu horiek positibotzat jo ditu portua kudeatzen duen MIGek, eta aurten joera bera izatea espero du.
Bi gertaera aipagarri
Iaz portuarekin lotutako bi gertaera nagusi nabarmendu ditu MIGek. Lehenik, Estatuak Akitaniako Kontseiluari eskualdatu ziola; Estatuko lehen portu dezentralizatua bilakatu zen. Aurrerantzean, beraz, Kontseilua da jabea, nahiz eta Estatuak segurtasun arloko zenbait eskumen gorde dituen. Bigarrenik, hiru QSE agiri erdietsi ditu -kalitatea, segurtasuna eta ingurumena-. Agiri horiek lortzen lehen portua izan da Estatuan.
2000z geroztik, oro har, goranzko joera izan zuen Baionako portuko trafikoak, baina 2005ean beherakada nabarmena izan zuen. Burdingintzako produktuen garraioari esker emendatu zen iazko trafikoa.
Acetex-ek izandako itxiera teknikoaren ondorioz, produktu kimikoen trafikoa %7,7 jaitsi da. Gai kimikoei dagokienez, enpresa hori Baionako portuko bezero nagusia denez, aurten tona gehiago igarotzea espero da.
Donibane Lohizune-Ziburuko arrantza portutik iaz igarotako tona-kopurua (6.728 tona) zertxobait emendatu zen, baina enkantean saldutakoaren balioa nabarmen eskasagoa izan zen. Merkataritza eta Industria Ganberak (MIG) emandako datuen arabera, arrain mota guztiak kontuan hartuta, 2006an saldutakoa 13,2 milioi euroan baloratu dute; 2005ean baino %20,3o gutxiago, hain zuzen ere. MIGen esanetan, atun gorriaren eta txitxarroaren kuotak mugatzeak eta, batez ere, antxoa arrantzatzeko debekuak, sekulako eragina izan zuten diru-sarreren beherakadan.
Hala eta guztiz ere, hainbat arrain mota nolabait mesedetuta suertatu zirela uste dute MIGeko arduradunek; txitxarroa bera, esaterako. Pisuan aurreko urtean baino %50 gehiago hartu zuten, eta balioa bitik biderkatu zen. Sardinarekin antzeko zerbait gertatu zen; %88 tona gehiago sartu eta bere balioa, eurotan, %60 emendatu zen. Legatza, berriz, gutxiago ailegatu zen Ziburuko portura (- %4) baina balio gehiago lortu zuen (+ %19) eta, atun gorriarekin berdintsu gertatu zen, pisuan %1 gutxiago sartu bazen ere, dirutan %22 gehiago erdietsi baitzuten salmentan.