GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eskolak Euskaldundu taldeak "euskararen lege berri bat" eskatu du

Eskolak Euskaldunduk deituta, 200 lagun bildu ziren atzo Eibarko Untzaga plazan, «euskara jakitea eskubidea dela" gogorarazteko. Horretarako, bere ustez, «euskararen lege berri bat premiazkoa da". Taldearen ordezkarien esanetan, gainera, herriak aspaldian egina du hautua, eta esana du euskalduna den eredu bakarra dela beharrezkoa.

Beñat ZARRABEITIA |

«Euskara jakitea eskubide bat denez gero, eskolek ezinbesteko papera» dutela nabarmendu zuen beste behin ere Eskolak Euskaldundu taldeak Eibarko Untzaga plazan. Berrehun pertsona inguru bildu ziren herri horretako udaletxearen alboan. Eskolak Euskaldunduko kideez gainera, ikastolako eta ikastetxe publikoetako irakasle, ikasle eta gurasoak, Sortzen Ikasbatuaz, LAB, EHE, AEK eta zenbait herritar bildu ziren Eibarren.

Gaur egun puri-purian dago hezkuntza ereduen eztabaida, eta Eskolak Euskaldunduko kideek adierazi zutenez, herriak aspaldi esan zuen euskalduna den eredu bakarra behar dela. Alde horretatik, talde horietako kideen ustez, etorkizunera begira finkatu beharreko minimoa «gaur egun D eredua deitzen dutenak izan beharko luke». Hori bermatzeko, Eskolak Euskaldundu taldeko kideen aburuz, «neurriak aplikatzeko euskararen lege berri bat beharrezkoa da». Tresna juridiko berri horren beharra, Eskolak Euskaldunduko ordezkarien ustez, «egun indarrean dagoen hizkuntza politika berritzeko premian» oinarrituta dago. Gainera, kideen esanetan, garatu beharreko lege berri horrek «euskara jakitea ziurtatu beharko luke».

Azkenik, Eskolak Euskaldundu taldeak honako kexa hau egin zuen: «Oraindik ere, Irakasle Eskoletan irakasle erdaldunen edo euskara ez dakitenen kopurua oso handia da». Erakunde horren iritziz, Euskal Herrian irakasle diren pertsonek «euskaraz eskolak emateko gaitasuna izan beharko lukete».

erdaldunak

Besteren artean, gaur egun oraindik ere Irakasle Eskoletatik euskaraz eskola emateko gai ez diren irakasle asko ateratzen dela salatu zuen elkarretaratzean Eskolak Euskaldundu taldeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo