GARA > Idatzia > Mundua

Libanoko Legebiltzarreko presidenteak Gobernuko krisia gainditzeko ekimen bat aurkeztu du Titularra lau lerrotan

GARA

Nabi Berri Libanoko Legebiltzarreko presidenteak herrialdeko krisia gainditzeko ekimen bat aurkeztu du. Xehetasunak bere alderdi politikoko diputatu batek jakinarazi zituen atzo; Amal oposizioko indar xiitakoak, hain zuzen ere.

Ali Kreis parlamentariak esan zuen Berri Amaleko buruzagia denak presidentearen ekimena aurkeztu ziela alderdikideei, eta hilabete bukaera baino lehen proposamenari erantzun bat emateko eskatu zien.

Dokumentuak Libanoko Auzitegi Bereziari lehentasuna ematea aurrez ikusten du, eta auzitegi horrek Rafic Hariri lehen ministro ohiaren heriotza epaitu behar du; izan ere, 2005eko otsailean hil zuten.

Gobernuaren aldeko indarrak eta oposizioa ez datoz bat erakunde horren osaketan. NATOk proposatutako ezaugarriak eta estruktura onartzen dituzte lehenengoek; oposizioak, ordea, Hizbularen pean, jatorrizko proiektuari zuzenketa batzuk egiteko exijitzen du.

Bestalde, planak Gobernua handitzea aurrez ikusten du, nazio batasuneko bat osatzeko, eta egungo Legebiltzarreko gehienez ere 19 ministroz eta oposizioko 11 ministroz osatuta egongo litzateke. Portzentaia horrek Hizbulari eta bere aliatuei edozein legeren edo Gobernuaren ezein erabakiri betoa jartzeko gaitasuna emango lieke.

Era berean, Berrik adituen batzordea osatzea proposatzen du, bi egunean, oposizioak auzitegia osatzeko egiten dituen oharpenak eta aldaketak azter ditzan.

Konpromisoa

Azkenik, gehiengoaren eta oposizioaren liderren asmo- deklarazioa ere azaltzen du Berriren proposamenak. Alde biei exijitzen dien konpromiso horren edukiari dagokionez, ekimena onartu eta Legebiltzarraren ohiko bilkurak berriro zabaltzeko data (martxoaren 15) zehatz dezatela eskatzen die.

Parlamentua batzartzearen aurka azaldu da Berri, Gobernuaren erabakiak legez kanpokotzat eta demokraziaren kontrakotzat hartzen baititu, Gobernuaren barruan zeuden ministro xiitak kanpoan daudelako. Azaroan bost ministrok aurkeztu zuten dimisioa, lau xiitak, eta abenduan mobilizazioak hasi ziren Beiruten nazio batasuneko gobernu bat osa dezatela eskatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo