GARA > Idatzia > Kultura

"Oihartzuna helduen euskal literaturari dagokionak hartzen du; beste sari batzuk ere ematen dituzte"

Asun AGIRIANO, Itziar ZUBIZARRETA, Migel ASIAIN, Arantza BALTZATEGI, Antton IRUSTA, Ruben RUIZ, Xabier OLASO

Haur eta gazte literaturaren arloan epaimahaikide izan garenon izenean

Euskadi Sariak» izenburuaz Jon Alonsok 2007ko Argia urtekarian idatzitako artikulua irakurri ostean, niregan sortu duen ezinegonak bultzatu nau idatzi hau argitaratzera. Badirudi Euskadi Sariaren «izarra» helduen euskal literatura dela. Oihartzun mediatikoa (onerako eta txarrerako) helduen euskal literaturari dagokion sariak hartzen du. Baina beste sari batzuk ere ematen dira. Jon Alonsoren artikuluan horiek guztiak zaku berean sartzen dira. Nire esperientzia, berriz, ez da berak islatzen duena izan.

Euskadi sarietan lau urtez (azkeneko biak jarraian) Haur eta Gazte sailean aritzeak eman didan «eskarmentuak» bultzatu nau gutun hau idaztera. Arduratuta nago ikusita gaia zer bide ari den hartzen eta zer tonu.

Badago zer hobetu, ez dut nik ezetz esango; adibidez, pare bat urte izango dira haur eta gazte literaturako epaimahaietan ilustrazioaren paper garrantzitsua aldarrikatzen dena, eta kezka hori behin baino gehiagotan azaldu dugu. Haurren literaturaren inguruan lanean ari garenok ados gaude marrazkilarien ofizioak ere saria merezi duela, eta tamalgarria deritzot ilustratzaileen lana aintzat hartzeko aurrekontu berri batzuen zain egon behar izateari. Hankamotz geratzen baita haur literaturaren saria idazleari soilik ematen bazaio. Adibidez, aurten, «Pantaleon badoa» liburuan berebiziko garrantzia zuten Jokin Mitxelenaren marrazki adierazgarriek; eta, beste adibide bat ipintzearren, 1999an saritu zen «Jonas eta hozkailu beldurtia» ipuinean Mikel Valverdek lan bikaina egin zuen.

Irakurtzeak gustu literarioa taxutzen du. Literatura plazer estetikoa da neurri handi batean, beti du subjektibotasun puntu bat; baina, obren kalitatea juzgatzerakoan, irizpideak ere badira eta ez da, inola zere, «gustatu-ez gustatu» juzku soilera mugatzen. Argudioak egon badaude, eta kalitate literarioa zer den argi eta garbi esan eta defendatu daitekeen kontua da. Epaimahaikook, noski, agian ez dugu beti «onena», mundu guztiarentzat onena dena, aukeratzean asmatzen, eta jakitun gara sariek sor dezaketen minaz eta haserreaz. Hori izaten da hainbatentzat epaile lan hauei ezetz esateko pisuzko arrazoia.

Agian, esperientzia ona izan dela aitortzeak gutxietsiko nau, baina haur eta gazte sailean «tropeliak» ez ditudala ikusi adierazi nahi nuke. Euskadi saria ez dela, ene begietan, sari ustel, zikin eta nazkagarri bat. Prozedura guztietan zorroztasuna eta zintzotasuna antzeman dudala eta gauzak garbi eta zintzo egiteko gogoa. Epaimahaietan egon diren «kulturako funtzionarioek» (ni ere hori naizela aitortzen dut, udal bibliotekaria naizen aldetik) ez dute inongo inplikazio zuzenik izan, justu kontrakoa, eztabaidetan distantzia mantentzen jakin dute, euren iritzia eman barik, soilik egon, entzun eta akta idazteko lanak hartuz. Jakina, jokaera egokia izan arren, litekeena da harturiko erabakia injustua izatea hainbatentzat.

Nire aldetik, ez dago kexarik, baina, agian, horrela da ez naizelako idazlea edo argitaletxeren bateko ordezkaria. Egon naizen bileretan lehia garbia izan da, betiere irizpide literarioak kontuan hartu ditugu, han ez dugu hitz egin irizpide politikoen gainean edo argitaletxeen botereaz.

Ados nago urteko liburuen jarraipen batzordeak egin beharko liratekeela. Hori, adibidez, Galtzagorri elkartean egiten dugu eta, sarietako epai lanak egiteko orduan, segurtasuna ematen digu. Euskadi sariaren «show» mediatikoaz hitz egin genezake, eta hori beste kontu bat da. Baina hor ere «kultura funtzionarioak» bigarren planoan ikusi ditut nik, izarren distiratik urrun, serio eta apal. Soilik esker ona adierazten ekitaldian egoteagatik, kortesiak agintzen duen moduan.

Ni ere irakurlea naiz eta gauzak aldatzea eskatzen dut, baina ez planto eginez, horrekin tranpa onartu eta baraja markatuekin jokatzen dela ulertzen baita. Nik ez dut tranparik ikusi, eta esan beharrean nago argi eta ozen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo