"Euskara etxeetan gorde, atxiki eta ahoz aho iraunarazi dutelako"
Ondo merezia zuen euskal emakumeak euskararen gordeleku gisa eta horren transmisioan egin duen lana eskertzeko omenaldia, eta atzo jaso zuen, ondo jaso ere. Hala eta guztiz ere, bere lanaren eskerrik onena akaso egunerokoan jasotzen du; heldu eta haurtxoek, batekoek eta bestekoek euskaraz bizitzeko duten gaitasunaz jabetzean, alegia.
Inoren bihotz gogoak uzkurtzekoa; hunkigarria, goxoa, eta behar-beharrezkoa; horrelakoxea, emakumezkoak euskara babesteko eta transmititzeko egindako lana, eta parekoa jardun horrexegatik AEK-k eta 15. Korrika-k atzo Donostiako Kursaal aretoan egin zioten omenaldia.
Pantxike Mendiola 85 urteko emakumearen keinu goxo eta sentiberazkoek eman zioten hasiera Eneko Olasagasti produktoreak atondutako ekitaldiari. Bertaratu eta bi dantzariren esku pareak gurutzatu ostean ekin zion Pantxikek euskara itxian, estuan eta oso fin, dantzariei, sutondoan balego, istorio eder bat kontatzeari. Gazteak erne, tentuz, emakumearen ele gozoak entzuten. Ipuina amaitzearekin batera elkartu zitzaien, berriz, txistuaren eta danbolinaren hotsa. Piter Ansorenak ondo baino hobeto uztartu zituen biak, eta Maider Ansa abeslariak «Oh Pello, Pello» kantuz lagundu zion.
Agertokiaren erdi-erdian, berriz, sua, sinbolo gisa; euskararen zeinu. Ikuskizun guztian, partaideek zuhurtziaz gorde zuten irudia, euskara bera izan baitzen atzoko ekitaldiko beste protagonista; protagonista eta bitartekoa.
Goxo hasi zen ikuskizuna, eta Maddi Oihenart kantariaren ahotsak Kursaal aretoko berotasunari eutsi zion pianoarekin lagundurik kantu eder bi abestu zituenean. Bien bitartean, agertokiaren atzean irudi mordoa, makina bat emakume eta, tartean-tartean, euskaldunen eta halabeharrez euskararen etsai izan diren gerrateen irudiak. Horiek behartu zuten hainbatetan euskara etxeratzera, sukaldeko sutondoan batzera eta atzo agertokiaren erdian jarritako suaren garra zapuztera; behin eta berriz, ordea, euskal emakumeek izerdiarekin eta lanarekin bultzatu izan dute berriz ere garra, eta omenaldian dantzari bik hartu zuten euskararen sua hauspotzeko eginkizuna; ez zioten ez itzaltzen utzi, ez orduan eta ez atzo.
«Zuretzat, ama, omenaldia»
«Aho hortzetatik emango dizut nire esnea; fonemak, silabak, hitzak, esaldiak... neure beste esnea. Zure abestien fonetika, zure ipuinen lexikoa, zure jolasen ortografia, zure sentimenduen sintaxia, zure pentsamenduaren gramatika», esaten zion laster batean taularatu eta sabela mugimendu biribilez laztantzen zuen emakumeak barruan zuen haurtxoari, jaio berritan haurrari irakasten zaizkion onomatopeia mordoa tartekatzen zuen bitartean. Gisa horretan, hizkuntza irakasterakoan euskal emakumeek egindako lana aitortzea zen xedea.
Helburu bera hartuta etorri zen Eider Rodriguez idazlea ere. Euskaraz ikasi ez zuen emakume baten istorioa hartuta etorri zen idazlea. «Arrotza zitzaion euskara, arrotza ni jaio arte», esanez ekin zion alabaren papera hartuta. Alabari euskaraz irakasteko gogor lan egin zuen emakume baten istorioa zen eskuartean ekarri zuena, horren euskarazko lehen hitzak ulertu ez, baina harrotasunez entzuten zituen emakume baten istorioa. Horregatik, esker hitzak izan zituen amaieran. «Nire hitzak, zuretzat hots hutsak diren arren, zuretzat, ama, omenaldi hau, zuretzat eta zu bezalakoentzat, hitzez ulertzen ez duzuen omenaldi hau».
Taula gainean izan ziren, gainera, Andoni Egaña eta Saroi Jauregi. Bertsolaria bata, gai- jartzailea bestea, azkeneko hamarkadetan emakumeek hain gizonezkoena zen bertsolaritzara egindako saltoaz biak ala biak.
«Guztiok batera»
Une hunkigarriak aukeratzea traketsa gertatu zen atzo, baina aukeratzen jarrita, ekitaldiaren amaieran egindako omenaldia, akaso.
Edurne Brouard, Korrika-ko arduraduna taularatu zen. «Mintzairak nortasunaren adierazgarri dira, eta guk euskaldunok euskaraz mintzatuz adierazten dugu gure euskaldun izaera; euskaraz hitz eginez egiten dugu Euskal Herria. Lan horretan euskal emakumeak izan duen garrantzia eta ezinbesteko papera goraipatu nahi ditu Korrika 15ek», adierazi zuen omenaldiaren xedea laburbiltzeko. «Garai ezberdinetan emakumeok izan gara euskararen aurka izan diren legeei aurre eginez, gure hizkuntza etxeetan gorde, atxiki eta ahoz aho iraunazi dugunak», gaineratu zuen. Baina egun ere emakumeek egiten duten lana ez zuen ahaztu nahi izan, ez eta euskarak aurrera egin dezan etorkizunean egin beharko dena ere.
Hitz horiek esatearekin batera taularen erdian batu ziren iragana eta geroa, Pantxike, eta Maddi eta Manu neska-mutilak. Horiexei eman zien Pantxikek Korrika-ren lekukoa.
Brouard-ek orduan dei egin zuen. «Euskal Herri osoari egiten diogu dei, euskararen eta euskal kulturaren iraupen, berreskurapen eta etorkizunean, denek izan behar dugulako gure eginkizuna, izan gizon edo emakume» .
Hamabosgarren Korrika izaki, hamabost emakume taularatu zituzten AEK-k eta Korrika-k; gazteak, helduxeagoak, ikasleak, langileak, batekoak eta bestekoak... Guztiek ordezkatu zuten euskal emakumea, omenaldiaren xedea, eta oroigarria jaso zuten Korrika-ren lekukoaren erreplika, eskuak altxatuta, harro erakutsi zutena. Kukai dantza taldeko kideek egin zieten ohorezko kontrapasa Ansorenak txistua eta danbolina eta Ansak ahotsa jarri zituzten bitartean. Guztiak taularatu ziren, omenaldiaren egileak eta omenduak, eta elkarrekin abestu zuten «Iruten ari nuzu » kantua. Martxoaren 22an Karrantzan abiatuko den Korrikaren 15. ekitaldira dei egin zuten.
Aurreko egunetan Eneko Olasagasti ikuskizunaren arduradunak adierazia zuen: xumea izango da ikuskizuna, eta xumetasunean aurkituko dugu distira. Xumea bai, baina distiratsua oso atzoko omenaldia. Horrela zioten, behintzat, Kursaaleko aretoa ongi bete zuten pertsonen aurpegi tankerek, bai eta behin eta berriz taularatutakoei eskaini zizkieten txalo zaparradek ere.
Maider EIZMENDI
Zortziak iritsi bueltarako hasi zen jendea bertaratzen, eta zortzi eta erdiak jotzerako pertsona mordoxka batu zen Kursaaleko aretoan. Tartean alderdi politiko eta gizarte eragileetako ordezkariak ere egon ziren omenaldia ikusten.
Guztia lotua eta ondo lotua zuten ekitaldiaren antolatzaileek; hala ere, atzokoa entsegu eguna ere izan zen. Goizean goizetik ekin zioten lanari entsegu bat eginda, eta arratsalde erdian beste bat egin zuten guztia prest izateko.
Omenaldian parte hartu behar zuten pertsonek adi-adi izan zituzten ikusle artean senide eta lagunak. Ohikoak diren urduritasunak arintzeko lasaitasun hitzak egin zizkieten. Ekitaldia hasitakoan, berriz, begirik onenarekin begiratu zituzten.
Bertaratutako hainbatek egin zuten geldialdia Korrika 15ek egin dituen materialak batzen zituen mahaitxoan. Elastiko, jertse... Berentzat eta etxean geratu zirenentzat erosi zituzten, eta tartean izan zen erosi eta segituan soinean jarri zuenik ere.