GARA > Idatzia > Saskibaloia

Saskibaloia Tau Baskoniaren porrota Granadan

Partida irabazitzat arinegi emanda jasotako porrota

Igor Rakocevic-ek zuntz bat hautsi zuen norgehiagokaren lehen minutuetan

CB Granada 83
Tau Baskonia 81

GARA | GRANADA

Natxo Lezkanori, Tau Baskoniako entrenatzaileen buru kargua hartu duenetik, bere maisu Dusko Ivanovic-en antza duela esan izan zaio. Zuzentzeko moduagatik, aldatzeen egituragatik eta jokatzeko moduagatik, Montenegroko entrenatzailea gogoratzen omen du bere lanak.

Bada, hala dirudi. Hain da antzekoa, ezen abantaila handiak galtzeko modua ere, Ivanovicen taldeetan hain berezkoa den «gaitasun» bitxi hori, bereganatu baitu Lezkanoren taldeak. Hala, 28 puntuko aldea izatetik lau puntura hurbildu zen Pau Orthez joan den ostegunean eta, hala, 14 puntu aurretik iritsi arren atsedenera, 83-81 galdu zuen Gasteizko taldeak CB Granadaren aurka.

Hala, arabarrek Real Madrilekiko jazarpenean estropozu egin dute, eta Sergio Valdeolmillosen taldeak ACB Ligan bere burua mantentzeko pauso garrantzitsua eman du.

Horrezaz gain, Igor Rakocevic galdu dute Lezkanorenek. Ezker hankako izterrean ziztada bat nabaritu ostean, partida utzi behar izan zuen serbiarrak. Egin beharreko azterketak gaur egingo bazaizkio ere, garbia dirudi zuntz haustura dela.

Lehen zati indartsua

Oso gaizki ekin zioten Natxo Lezkanorenek partidari; 9-0ekoa zen partziala. Hutsartea eskatu ostean, aldiz, berpiztuta atera ziren, eta etxeko taldea airean eraman zuten, Scola eta erdoganen eskutik batik bat.

Bigarren laurdenak ere hasiera indartsu horren lepotik eraman zuen burua. Horiek hala, atsedenaldira markagailua 33-47 zela iritsi ziren.

Dena aldatu zen bigarren zatian, ordea. Gasteiztarrak oso gaizki kantxaratu ziren, partida irabazita zutelakoan, baina Granada, Borchardt, Sanmartin eta Gianellaren puntuei esker, hurbildu egin zen.

Emozioa zen nagusi azken laurdenean. Etxekoen zaleak animatzen etengabe jarri ziren, garaipenean sinetsita. Lezkanorenek, berriz, huts egin zuten nabarmen -Prigioni da horren eredu, epaileekin haserre eta jokotik at-, eta partida galdu.

 
Lezkano: «Berriro alde egin dugu partidatik"

Natxo Lezkano haserre zegoen prentsaurrekoan; izan ere, abisua eman arren, bere jokalariek irabazita zuten partida joaten utzi baitzuten.

«Berriro ere gertatu zaigu: alde egin dugu neurketatik. Gaizki hasi gara, baina hutsartearen ostean nik nahi bezala jokatzen hasi gara: jokoa menderatuta eta nahi genuen erritmora jokatuta».

«Aldiz, nahiz eta esan diedan jokalariei ez erlaxatzeko, hirugarren laurdenetik aurrera utzi egin diogu Granadari bizia hartzen, eta merezita irabazi digu. Ez zait gustatzen taldea hainbestetan galdu edo irabazteko mugan ibiltzea», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo