GARA > Idatzia > Kirolak

errekopa

Bost goleko errenta nahikoa ote den probatu beharko du Akaba Errusian

GARA | ASTRAKHAN

Etxean 29-24 gailendu zenez, Akaba Bera Berak lan zaila dauka Astrakhanen aurka gaur Errusian.

Etxeko neurketan final- zortzirenetako kanporaketa erabakita uzteko parada izan zuten Tati Garmendiarenek joan den igandean. Baina aurkariaren maila dela-eta, aurrera egiteko aukerek bertan dirauten arren, lan handia egitera bultzatuko ditu gipuzkoarrak.

Burokrazia arazoak

Errusiara bidaia latza izan da, eta ez dira hor amaitu donostiarren arazoak; izan ere, Obucina eta Petrinjarik gabe jokatu beharko dute Tati Garmendiarenek, arazo burokratikoak direla-eta ezin baitira Errusian sartu. Horretaz gain, espero izatekoa da Astrakhango zaleek gauzak oso zail jarriko dituztela.

Dena dela, konbentziturik daude gipuzkoarrak kanporaketa hau gaindituko dutela. Joaneko partida ongi aztertu eta gero, pibotearekin errusiarrek lotzen duten jokoa gelditzea izango da aurrera ateratzeko ardatz bat.

Horiek hala, aldeari eustea lortuko balute, donostiarrek Errekopan sekula lortu duten emaitzarik onena erdietsiko lukete, orain arte behin bakarrik iritsi baitira final-laurdenak jokatzera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo