GARA > Idatzia > Saskibaloia

ACB Liga

«Bizi edo hil" izango da Bruesa GBCk eta Valladolidek jokatuko duten neurketa

GARA | DONOSTIA

«Ez da final bat, oraindik ere partida gehiago egon baitaude, baina `bai edo bai' irabazi beharrekoa da».

Halaxe definitu zuen osteguneko prentsaurrekoan Porfi Fisac Bruesa GBC taldeko entrenatzaileak bere taldeak eta Grupo Capitol Valladolidek gaur eguerdian 12.15ean jokatuko duten neurketa.

Beraz, ACB Ligan jarraitu edo LEB Ligara jaisteko arriskuan sartzea erabakiko du talde bien arteko leihak.

Uneotan, Grupo Capitol Javier Imbrodak zuzentzen duen taldea azken-aurrekoa da sailkapen nagusian, sei garaipenekin. Alabaina, Bruesa GBCrekin garaipenetara berdinduta dago, eta azken bi neurketak irabazita dator Donostiara. Joan den zapatuan, Gironako Akasvayuren aurka gailendu ziren kataluniarren etxean.

Donostiarrak, aldiz, Bilboko porrot mingarria atzean utzi ezinda ibili dira astean. Hala, entrenatzaile donostiarrak adierazi zuen: «Aste honetan igandeko partida bakarrik existitzen dela pentsarazten saiatu naiz. Esan beharrekoa da igandeko neurketa ez dela polita izango, eta memento onak eta txarrak izango ditugula. Espero dezagun memento txarrak gutxi izatea». Imbrodaren mutilei buruz «talde orekatua eta arriskutsua» osatzen dutela aipatu zuen Fisacek, «beren buruarengan konfiantza hartzen ari baitira».

Talde biek fitxaketa berriak aurkeztuko dituzte. Modu horretan, litekeena da Damir Mualomerovic lehenengoz aritzea, nahiz eta, Fisacen arabera, «ez den partida egokiena». Beste alde batetik, Valladolideko taldeak Vasco Evtimov pibota fitxatu du. Hala, kanpokoen errebotea indartuko da, ACB Ligan batez beste hamar errebote harrapatutakoa baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo