GARA > Idatzia > Pelota

Pilota Berezkoen Bakarkako finala

Ezkurrak txapelari eutsi dio

Urruñako atzelaria gibeletik aritu zen, baina hamabost kintze egin zituen saketik, eta horrek erabaki zuen finala

Jon LEUNDA | BAIONA

EZKURRA II 40

OZAFRAIN 32

Paxkal Ezkurrak jantzi zuen atzo Bakarkako txapela, eta iaz lortutakoari eusteko modua egin zuen. Hala ere, sufrituta, eta lan handia eginda irabazi behar izan zuen, Patrick Ozafrainek gauzak oso zail jarri baitzizkion. Atzo ere, Paxkal denbora handian aritu zen markagailuan atzetik, baina berriro ere buelta emateko gai izan zen.

Atzoko finalean argi eta garbi ikusi zen biek direla egun trinketeko esku pilota profesionalean dauden onenak, kintze dotoreak eskaini baitzizkieten finala ikustera batu ziren zale guztiei. Horrelakoetan boteak garrantzi handia izaten du, eta atzo ere horrela izan zen. Biek sakatu zuten ongi, baina batez ere Paxkalek. Hasierako jokaldiarekin kintze gehiago egin zituen, baina tantoa egiten ez zuenean ere, aukerako pilota asko geratzen zitzaizkion aurrean, eta urruñarrak ez zuen barkatu. Partidako ia tanto erdiak saketik egiten direnean, oso zaila da partida galtzea, eta atzo horixe gertatu zen.

Neurketa oso orekatua hasi zen. Ezkurra aurreratu zen bi pareta baten ostean, eta 3-0 aitzineratu zen. Gero, berdinketa ugari izan zen, eta partida boladaka joan zen hamargarren kintzera bitarte. Ondoren, Ozafrainek lau kintze saketik egin zituen, eta aitzinetik jarri zen.

Hortik aurrera, Bankako atzelaria nagusitzen hasi zen, eta zazpi kintzeko aldea ere izan zuen alde (18-25). Tarte horretan Nafarroa Beherekoa nagusi zen, baina Ezkurrak sakea berreskuratzen zuenean, ez zuen barkatzen, eta horri esker bizirik jarraitzen zuen.

Urruñako atzelari gaztea, ordea, emeki-emeki markagailuan hurbiltzen hasi zen. Sake bortitza agerian uzten zuen, eta Ozafrainek nahiko lan bazituen haiei behar bezalako erantzuna ematen. Azkenean, lapurtarrak partida adostea lortu zuen 28-28, eta hortik aitzinera ez zuen barkatu, erabat nagusitu baitzen, batez ere bere bote zitalari esker, eta txapelak iazko leku berean jarraitzeko modua izango du, hortaz.

Partida amaitu ostean, Ozafrainek ez zion Ezkurarren garaipenari inolako aitzakiarik jarri. «Gorputzaldi ona nuen; aitzinetik ere izan naiz, baina bote gehiegi sartu dizkit. Hamabost kintze egin ditu lehen jokalditik, eta beste mordo bat errematatzeko utzi dizkiot; horrela zaila da irabaztea», esan zuen Bankako atzelariak.

Azkeneko hamar kintzeeetan zer gertatu zitzaion ere argitu zuen. «Ez negoen akituta. Ezkurrak pilota fite ibili du. Ni baino beso gehiago dauka, eta, gainera, asko sakatu du. Hor ihes egin dit, eta ezin izan dut ezer egin», erantsi zuen.

 

Kurutxari hirugarren

Finalaren aitzinetik, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko lehia jokatu zuten, eta Kurutxarik 40 eta 22 irabazi zion Etxetori. Partida ez zen handia izan, Etxetok ez baitzuen bere egunik onena izan. Kurutxari lehen kintzetik aitzineratu zen, eta erraz eraman zuen norgehiagoka. Ia ez zuen hutsik egin, eta lehiaketa eder bati amaiera ezin hobea eman zion. Etxetok, aldiz, opari asko egin zituen, eta erraztasun handia eman zion aurkariari.

Oreka

Norgehiagoka oso orekatua izan zen. Hastapeneko berdinketen ostean, Ozafrainek Ezkurra atzean eduki zuen, eta markagailuan aurretik izan zen. Hortik irten zenean, Urruñakoak ez zuen barkatu.

Final dotorea

Ezkurrak eta Ozafrainek gaur egun duten maila handia agerian utzi zuten, biek argi eta garbi erakutsi baitzuten gaur egun trinketeko esku pilota profesionalean biak direla onenak.

Ezkurra: «Txapel bat janztea oso ederra da, eta egun hau ez dut ahaztuko"

Paxkal Ezkurra pozez gainezka zegoen atzoko finala amaitu ostean: «Txapel bat janztea gauza ederra da. Bigarrena da, baina egun hau beti gogoan izango dut», esan zuen Urruñako atzelari gazteak.

Neurketa nola joan zen ere argitu zuen. «Hastapenean gibelean aritu naiz jokatzen, eta hori ez da nire gustuko lekua. Gero, apurka-apurka neurketa nik nahi nuen lekura eraman ahal izan dut, eta orduan erabaki dut», esan zuen.

Txapela nori eskainia ere bazuen. «Hasteko nire maiteari eta nire familia osoari eskaini nahi diet, eta gero hemen batu den jende guztiari. Denentzat da gaurko txapela», adierazi zuen.

J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo